Ibilbideak: Midi-Pyrénées

Lurraldeak

Ibilbide mota

Jose-k bidalia 2007, azaroa 28 - 00:11-an
Kategoriak Bearn, Hautes-Pyrénées
ABIAPUNTUA Gourette
Eskema Gourette - Louesqueko aintzirak - Sanctus

Gourette eski estazioaren inguruko mendien artean Sanctus ez da asko nabarmentzen, gehienak baitira hura baino altuera handiagoa dutenak. Baina hala ere, Louesqueko aintziretatik pasatzen den bideak oso igoera polita eskaintzen du. Agian horregatik Eaux-Bonnes eta Gouretteko turismo bulegoetan proposatzen duten ibilaldietako bat da Sanctusera igoera.

Jose-k bidalia 2007, abuztua 22 - 18:13-an
Kategoriak Aragón, Hautes-Pyrénées
ABIAPUNTUA Panticosako Bainuetxea
Eskema Panticosako Bainuetxea - Bachimañako urtegiak - Pecicoko beheko urtegia - hegoaldeko lepoa - Gran Facha - Fachako lepoa - Panticosako portua - Bachimañako urtegiak - Panticosako Bainuetxea

Panticosako eremuko mendi handietako bat izan arren, mendizale gutxi dira Bainuetxetik abiatuta Gran Fachara igotzen direnak. Igoerarik errazena iparraldeko ertzetik duenez, Fachako lepotik alegia, Respumoso eta Wallon aterpeak izaten dira ohiko abiapuntuak. Baina badago bai Panticosatik igotzerik. Eta gainera ibilbide polita egiteko aukera ematen du, Bachimañako urtegietatik gora, Pecicoko aintziretatik pasatu ondoren hegoaldetik igo, iparraldeko ertzetik Fachako lepora jaitsi, eta ipar-ekialdetik inguratuz Panticosako portua gainditu eta Bachimañako urtegietatik Bainuetxera jaitsi.

Jose-k bidalia 2007, martxoa 21 - 20:52-an
Kategoriak Hautes-Pyrénées, Huesca
ABIAPUNTUA Pineta bailara
Eskema Pineta - Pinetako balkoia - Marboré aintzira - Astazou lepoa - Astazou Txikia - Astazou Handia - Marboré aintzira - Pinetako balkoia - Pineta

Pinetako bailara glaziar ederraren inguruan 3.000 metrotatik gorako tontor bat baino gehiago dago, Perdido eta Munia esaterako. Hauetako edozeinetara joateko abiapuntu egokia izan daiteke Pineta, baina kontutan izan beharrekoa da igo behar den altuera. Hemen azaltzen den ibilbideak Astazouko tontor bikoitza du helmuga.

Bertara iristeko bidea luzea eta gogorra da, baina baita ederra eta entretenigarria ere. Ikusgarria ikuspegi ederrak eskaintzen dituelako: Pinetako zirkua, Cinca urjauzia, Perdidoko glaziarra, Gavarnieko zirkua... Eta entretenigarria etengabe aldatzen den bidea delako: hasieran basoan zehar, gero Pinetako Balkoira bidean bidezidor batetan sigi-saga, Marboré aintziraren inguruko paisaia soila, hartxingadia Astazou lepora igotzeko, gandor zorrotza Astazou Txikitik Handira bidean,... Gainera sarrioak gertutik ikusteko aukera ona izan dezakegu, paraje hauetan jende gutxi ibiltzen denez sarrioak lasai bazkatzen baitira.