Armotoa oso mendi ezkutua dugu, inguruko erraldoiek itzaldu egiten baitute. Hala ere, oso ezaguna da haren amildegiek Izaba gainean eskaintzen duten itxura harroa. Merezi du mendi honen tontor harritsua bisitatzea, batez ere inguruko mendien ikusmira ederragatik. Ibilbide gomendagarriena Mintxate harroilean hasten da, Kaxauren bordara iritsi baino aurreraxeago. Ekialderantz joz berehala iritsiko gara mendilerroko gainaldera, non Merke eta Pioren borden hondakinak ikusiko baititugu. Handik aurrera bidexka estu baina garbi batean gora egin besterik ez dugu.
Gailur nagusitik Ardibidegainea izenekora joatea, ordea, zailtasun handiagoko lana izanen da: ezpel eta sasiekin borrokatu beharko dugu, ahalegin latz batean.