IgorinEnviado por inaxio el 2005, Junio 9 - 22:18.
![]() Buzoia eta tontorra ©inaxio Mendi txikia da Igorin, baina esanguratsua. Goi aldeko gandorrean haitz mutur gorriak azaleratzen dira, ibilbidea entretenigarriago eginez, nahiz eta tontorraren inguruan sasi gehitxo bildu. Bertara joanez gero ezin bisitatu gabe utzi Landerbaso edo Aitzpitarteko leizeak, oso ezagunak baitira inguru horretan. Bertan gizakia bizi izan zeneko historiarreko aztarna ugari aurkitu dute (JM Barandiaran ere ibili zen leize horiek miatzen). Gaur egun burdin hesiz itxita dago aurkikuntza horiek gordetzen zituena, baina bada beste bat goraxeago barruan ibiltzeko nahiko egokia dena, kontu pixka batekin ibiliz gero (argia eraman egin behar da, ibilbidea ez dago bisitarientzako egokitua). Historiaurreko arrasto gehiago ere bada Igoin eta Akolako parkearen artean luzatzen den hegian (dozenatik gora dira guztira), trikuharriak batez ere, ondo seinalatuta, baina ez dira oso ikusgarriak (inguruko sasiak berehala estaltzen ditu gehienak). Inguruko jendeak Landarbaso edo Landroso izenaz ere ezagutzen du mendi hau, izan ere hala deritzo mendiaren alderdi handi batean zabaltzen den lurraldeari. Gaur egun Donostiako udal barrutian dagoen arren, garai baten izaera berezitua ezagutu izan zuen. Bertakoek ez omen zuten soldaduska egin eta zergak ordaindu beharrik ("Landarbasoko Errepublika"ren aipamenen bat irakurria dut nonbait, baina orain ez dut gogoan non). Eta dozena inguru baserri besterik ez omen zen (gaur are gutxiago izango dira). Irispide azkarrenak Akola (Hernani aldean) eta Listorreta - Barrengoloia (Errenteria aldean) parkeak izango dira, baina ibilbidea luzatu nahi izanez gero, Aldurarekin nahiz Urdabururekin batera igo daiteke, edo hirurak batera, Hernani aldeko Latse errekaren bailara inguratuz.
|
![]() |
Giltzak tontorrean
Norbaitek giltzak galdu ditu Igorinen. Giltza bi, uztai itxiaren itxurako giltzatako batean. Han goian daude erpin geodesikoaren gainean.
Jon