Larra-Belagoako mendikatea Nafarroa eta Zuberoaren arteko mugaren bi aldeetan hedatzen den kareharrizko masa erraldoi bat da. Gainaldea nolabaiteko ordokia karstikoa da, baina hautsita eta arrakalaturik dago, lapiaz zabal (eta deseroso) bat osatuz. Azpialdea, aldiz, zuloz josita dago. Izan ere, munduko leizerik sakonena hementxe dago, San Martingo harpea, 125 kmko korridore sistema erraldoi bat.
Basamortu karstikoa dirudien honetan ordea, hainbat espezie hazten dira, pinu beltza izanik nabarmenena. Ukerdiko erreserba osoan espezie honetako basorik garrantzitsuenetako bat dugu.
Ukerdi mendia Nafarroako zazpi 2000koetako bat da, denetan ezezagunena seguruenik. Bere kokapena, Budogiako harresiak ezkutatuta, Larrako lapiazak defenditurik, txango gehienetatik at uzten du.
Gailur bakarti honetaraino iristeko bideak hiru dira: Linzakoa, Budogiako harresia hegoaldetik inguratuz, Belagako Txokokoa, zail eta luzea, eta Belagoako aterpean hasten dena, aurrekoa bezain nekagarria, baina Linzakoa baino ederragoa.