VallegrullSubmitted by inaxio on 2005, Junio 9 - 22:18.
Mendebaldeko Tontorra ©Enezubi Vallegrull mendiaren amildegi luzeak Valderejo parkeko ekialde osoa menderatzen du, Lorentzo Deunaren ermitatik hasi eta Puron ibaiaren gainean zutitutako karaitzezko hormetaraino. Behinola bere magalean sortutako Villamardones eta Ribera herriak hutsik daude gaur egun, sasi artean ito beharrean dauden harrizko horma zut batzuk baino ez dira gelditzen. Villamardonesetik abiatzen dira, halere, ibilbide erabilienak, bata Lorentzo Deunaren ermitaren paretik eta bertara datorren gandorrari jarraituz bestea, biak ere egoki seinalizatuta, baina herri honetara heltzeko Lalastratik abiatu beharko dugu oinez, autoen erabilera galarazita baitago. Ez du mendiak inongo zailtasunik eta neke handirik ere ez.
Related nodes
[ibilbide] Vuelo sobre Valderejo,
[ibilbide] Lalastra .. Vallegrull,
[track] Lahoz .. Vallegul,
[ibilbide] Vallegrull-en H.a,
[ibilbide] Vallegrull-en Mendebaldera,
|
Lorentzo Deuna, Valderejo Bailarako Zaindaria
Horra zer dioen Lorentzo Deunaren ermitaren barru aldean dagoen panelak:
Valderejotarrek betidanik izan diote jaiera, eta haundia bera, bere Santuari, eta bere omenez ospakizun bereziak egin ohi dituzte.
Hauetako lehenengoa eta nagusiena abuztuaren 10ekoa (santuaren egunekoa) izaten zen. Jai hau bete-betean uzta-bilketako garaian izaten zen arren, herritar guztiek beren lanak alde batera utzi eta beren zaindaria goraltzera joaten ziren.
Bazkaria otzaretan zutela, mendi-gailurrean dagoen ermitara igotzen ziren, eta elizkizunak amaitu ondoren, zelaian erdi-etzanik, familika bildute egiten zuten bazkaria. Batzutan, ingurutako Burgosko bailaretako jendeak ere bateratzen zitzaizkien.
Garrantzizko beste ospakizuna San Juan egunekoa, ekainaren 24ean, izaten zen, Villamardoneseko jaietakoa hain zuzen. Herri honetatik abiatuta, ermitarantz erromes joaten ziren, eta hemen meza entzun ondoren, bailaran egindako gazten ohizko zozketa egiten zen.
Zozketa-egun honen bezpera-egunean, Lorentzo deunaren Kofradiko kideak etxez-etxe ibiltzen ziren gaztak biltzen; etxe bakoitzak bat gutxienez ematen zuen.
Zozketa-aurretik, neska-mutilek zozketarako zenbakidun papertxoak saltzen zituzten.
Bere garaia heltzean, abadea, Kofradikideak lagun zituela, bakoitzean saritua izango zen zenbakia zakutotik ateraz, gaztak banan bana zozketatzen zituen. Gazta guztietatik haundiena zen azken tokian zozketatzen zena.
Zozketa-paper hauek saltzetik ateratzen zen dirua Kofradiko beharretarako izaten zen.
Uzta ona lortzeko hain beharrezkoa izanik, euri gutxiko urteetan, udaberrian, beren soroetarako ura santuari eskatuz, ermitaraino otoitz eginez joan ohi ziren.
Uzta-aldia amaitzean, iraila aurrera zihoala, izandako uzta onagatik "eskerrak emateko" eguna ospatzen zen.