Soraluzetik Irukurutzetara biderik zuzenenetik

Enviado por Jose el 2005, Abril 26 - 00:00.
Tipo de itinerario Joan-etorria bide beretik
Dificultad Zaila
Lurraldea Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Soraluze
Esquema Soraluze - Lezioko Haitzak - Aseginolatza - Aizpuruko Zabala - Kurutzebakar - Irukurutzeta
Relacionados »Irukurutzeta (mendi)
Gora-behera790 m
Luzera13.5 Km
Iraupena3:00 - 4:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Soraluzetik Irukurutzetara igotzeko aukera ezberdin asko dago. Baserri bideek kotxez nahiko gora iristeko aukera ematen dute. Baina hemen azaltzen dena kaletik oinez abiatuta denetan zuzenena eta laburrera den bidea da.

UDALETXEA (110 m.)
Ibilaldia Soraluzeko Udaletxe aurrean hasiko dugu, eta honen ezkerretik gorantz doan kaletik joko dugu. Udaletxea pasatuta, Elizburu kale eskaileraduna dugu gure aurrean. Bertatik jarraituko dugu, elizaren ezkerretik. Kalearen bukaerara heltzen garenean iturri bat duen horma bat izango dugu aurrez aurre. Horma gaineko bidea hartu behar dugu. Horretarako ezkerrean ditugun eskaileretatik igoko gara. Tuneltxo batetatik bidearen azpitik pasa eta Estazio kalera irtengo gara. Garai batean tren geltokia zegoen toki honetan.
Elizarantz joko dugu. Iturriaren gaineko bidean gaude orain. Bide honi jarraituko diogu, trenbidea zenaren gaineko zubi aldapatsu bat zeharkatuz. Zeleta auzoa dugu gure aurrean, eta ezkerrean hilerria. Bide nagusienari jarraituko diogu, hau da, eskuinera.
Azken etxeak atzean utzi eta asfaltozko errepidean gora jarraituko dugu. 700 m. ingurura bidegurutze bat dago. Ezkerreko errepidea San Andres auzunera eta Karakatera (Kortazar) doa; eskuinekoa Txurruka auzunera. Eskuinekoa hartuko dugu guk. Errepide honek orain arte dakargun zentzu bera jarraitzen du mendia ezkerrean dugula.
Porlanezko bi bide irteten dira errepide honetatik. Lehenengoa Iturriaga eta Itxasoegi baserrietara doa eta ez diogu kasurik egin behar. Bigarrena hartu behar dugu. Bidegurutzetik 800 m. ingurura dago eta Aritzaga eta Aritzaga-etxetxo baserrietara doa. (20’)

LEZIOKO HAITZAK
Metro batzuk igota bi baserrien arteko bidegurutzera iritsiko gara, eta eskuineko bidea hartuko dugu. Pixka bat gorago bideak kurba estu bat hartzen du. Lezioko Haitzak ikusten dira kurba honetatik. Gorago, bideak igotzeari utzi eta zertxobait beherantz egiten duen puntuan porlanezko bidea utzi eta eskuinean dugun bidea hartuko dugu. Ia aldaparik ez duen bide honetatik Lezioko Haitzen gainaldetik pasatu eta errekara hurbilduko gara. Langa zeharkatu eta aldapa gogor bati ekingo diogu. Bide hau jarraituz, lehenengo ezkerrera egingo dugu, gero eskuinera, eta laster San Andres eta Txurruka auzuneak lotzen dituen porlanezko errepidean agertuko gara.

ASEGINOLATZA
Errepide hau jarraituz, Aseginolatzako ur-jauziaren ondotik pasatuko gara. Aurrerago iturri bat dago errepide ondoan. 500 m. ingurura bidegurutze bat dago. Ezkerretik gora egiten duen bidea hartuko dugu. Aseginolatza-zahar baserrira doa bide hau. Errepide honek zentzuz aldatzeko kurba itxi bat egiten duen puntuan lur eta harrizko bide bat hasten da guk dakargun zentzu berean. Bertatik jarraituko dugu. (45’)
Bide asko daude gure bidetik irteten direnak, baina denak bide kaxkarragoak. Biderik nabarmenena jarraitu behar dugu guk.
1,5 Km. ingurura lautu egiten da (1h10’). Zertxobait aurrerago Edurdungo baserria dago bidearen azpialdean. Baina guk ez degu bide honetatik jarraituko. Ezkerretara bi bide daude. Aldapatsuena hartuko dugu. Bi langa pasatu ondoren aldapa gutxitu eta basoan sartzen da bidea. Basotik irteterakoan zelaigune batetara iritsiko gara.
Bide asko daude zelaigune honetan, beraz argi ibili beharko dugu zuzena hartu nahi badugu. Gure bidea zelaigunearen goialdeko ezkerreko ertzetik gora doana da. Marka zuri-horiak daude. Garosail baten gainaldean gaude, eta Kortazar eta Atxolinen ikuspegi eder bat dugu.
Bide hau mendigaina harrapatu arte zuzen-zuzen gora doa. Lehenengo izaien artean, eta laster pagoen artean. Beti biderik nabarmenena jarraituko dugu, aldapatsuena. Soilgune luzexka bat zeharkatuko dugu, Aizpuruko Zabala. Trikuharri bat dago bertan.

KURUTZEBAKAR (895 m.)
Trikuharria pasatu eta berehala bidea lautu egiten da zertxobait, eta laster basotik irtengo gara. Kurutzebakar tontorrean gaude (1h40’). Ezkerrean gurutzea eta buzoia. Eskuinean tumulua. Irukurutzeta gure aurrean dago, ia Kurutzebakarren altuera berean. Norabide horretan zelaigunea zeharkatu, eta pinudiaren ertzean Kortazartik datorren bideari elkartuko gatzaizkio.
Puntu honetan bi aukera ditugu. Ezkerretik, pinudiaren ertzetik aurrean dugun gain txikia igo, edo eskuinetik zeharkatu. Arribirilletako hilarria dago gain honen gainean.

IRUKURUTZETA (899 m.)
Bata zein bestea hartu, beste zelaigune batetara iritsiko gara. Irukurutzetako gurutzeak eta erpin geodesikoa begi bistan ditugu. Trikuharriaren ondotik pasatu eta berehala gara tontorrean (1h45’).