Biriatutik Manttalera

Enviado por inaxio el 2006, Marzo 20 - 00:49.
Tipo de itinerario Joan-etorria bide beretik
Dificultad Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Iparraldea
ABIAPUNTUA Biriatu
Esquema Biriatu - Xoldokogaiña - Manttale - Ibardin - Urtegia - Osingo lepoa - GR10a - Biriatu
Relacionados »Manddale (mendi) »Xoldoko gaina (mendi)
Gora-behera900 m
Luzera15 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Biriatutik abiatuko gara, Eliza eta bere aldameneko hilerria eskubi aldetik inguratzen duen errepidean gora. Halako batean errepidea bi etxeren arteko lepora heltzen da: han eskubi aldera egingo dugu, asfaltatutako errepidez, aldapa handian gora. Pago landarez osatutako hesi batez ingururatutako etxe dotore baten aldamenetik pasa eta bidegurutze batera helduko gara berehala: ezkerrekoa, aldapa handienekoa aukeratu behar dugu (urak sakondutako lurrezko pista). Handik gora arrasto nabarmenenari jarraituz egingo dugu bidea: GR10a da. Aldapan gora egiten duten bide-aukerak hautatuz argindar poste handi baten aldamenetik pasa eta bost bat minutura bide bazterrean dagoen harri borobil handi batekin egingo dugu topo. Erne! Hantxe bereizten da igoeratik GR10a, Xoldokogaiñako Mendebaldeko isurialde osoa zeharkatuz Osingo lepora heltzen dena: horixe da jaitsierako bidea.

Baina guk gora eginez jarraituko dugu eta, bideari jarraituz, ezker aldera joko dugu, gandorreko haitzetako ataka batera heldu arte. Han nahi izanez gero harrizko gandorrera jo dezakegu, oteak eta haitzak jarritako oztopoak neke handirik gabe saihestuz, edo pistan aurrexeago jarraitu eta ezker aldetik abiatzen diren bidezidorrak aukeratuz. Nolanahi ere gora eginez Xoldokogaiñaren tontor zabalera helduko gara (harri eta metalez egindako buzoia).

Igoeran erabilitako norabide berean (Hegoaldera) jarraituko dugu Osingo lepora jaisteko. Han GR10arekin egingo dugu topo, eta hari jarraituko diogu (HE) tarte batean, 'Col des Poiriers' izeneko lepora jaitsi eta norabide berean Faalegi izeneko muinoan gora abiatzeko. Bidezidor nabarmen batek eramango gaitu muinoa bera ezker aldetik saihestuz 'Col des Joncs' izeneko lepora, Manttaleren Mko bizkarraren aurrera. Bizkar nabarmen horretan gora egin behar dugu, bideari jarraituz, baina ez dugu zertan tontorraren bila zuzenean joan. Hobe da aukeran GR10aren arrastotik bereizi eta Hegoaldera lerratuz HMko gandorrera jotzea, Endarlatsa aldeko malkarrak eta mugarri gorriak ikusteko. Bizkarrari jarraitzea aski da gero, zakartutako lubakiez inguratutako tontorrera heltzeko. Bazen lehen buzoi bat, baina orain mugarri bat (9.) besterik ez da ageri. Garai baten gotorlekua izan behar zuen tontor horrek, muga zaharraren inguruko beste hainbat tontorren antzera.

Ibardin aldeko bidea hartuko dugu orain, bizkarrari Ekialdera jarraitu eta Larrun aldera joz. Aurrerago topatuko dugun pinudia ezker aldetik saihestuz panel batez hornitutako megalito-gunera helduko gara. Bi behintzat badira, nabarmen askoak, elkarren ondoan. Nahi izanez gero aurreraxeago dagoen ataka txiki batetik jaisten da bidea Ibardinera, pinudiaren bazterretik. Bestela megalitoen gunetik ezker aldera jo eta berehala topatuko dugu pista zabal bat, hura ere Ibardin aldera doana, eta hari jarraituko diogu tarte batean, baina ezker aldera joko dugu berehala, sigi-saga Iparraldera jaisten den pistari hegian behera jarraituz. Larre eremu zabal batera heldutakoan basoan behera abiatzen den pistara joko dugu, IErantz, eta laster helduko gara urtegiaren bazterrera.

Urtegia burdinazko sareaz itxita eta pista batez inguratuta dago. Ezker aldetik inguratuko dugu guk, pistari jarraituz eta hala, pixkanaka-pixkanaka gora eginez, helduko gara berriro 'Col des Poiriers' izeneko lepora. Joanean erabilitako bide bera erabiliko dugu itzuleran Osingo lepora arte, baina han, atzera Xoldokogaiñara igo beharrean, GR10a bilatu behar dugu Bidasoa aldera jaisten hasita, mendiaren Mendebaldeko isurialdea zeharka ebakitzen duen bidezidor bihurria jarraituz igoeran aipatutako bidegurutzera (harri borobila) heltzeko.

Notes:

Gorabehera, iraupena eta luzeraren neurriak gutxi gora-beherakoak dira, GPSa pilarik gabe gelditu zitzaidan konturatu gabe. Inork 'Col des Poiriers' eta 'Col des Jons' toponimoen euskarazko ordain jatorrik ezagutzen badu, esan dezala, gustura aldatuko nituzke.