Urbasan zehar itzulia bizikletan Bioitza, San Adrian, Dulantz eta Ubaba lotuz

Enviado por Jose el 2006, Mayo 13 - 21:41.
Tipo de itinerario Mendiko bizikletaz
Dificultad Zaila
Lurraldea Nafarroa
ABIAPUNTUA Altsasu
Esquema Altsasu - San Adrian - Olderiz - Dulantz - Ubaba - Bioitza - Altsasu
Relacionados »Dulantz (mendi)
Gora-behera900 m
Luzera61.9 Km
Iraupena5:00 - 6:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Ibilbide honek, Altsasutik abiatuta, Urbasaren zati handi bat zeharkatzen du, eta jende gutxi iristen den zenbait ezkutuko toki ezagutzeko parada ematen du (“El Chaparral” bidea, Olderiz zelaigunea,…), bai eta ezagunak izan arren berriz ere ikustea merezi duten beste zenbait ere (San Adrian inguruko gandor ikusgarria, Urederrako zirkua,…). Bestalde, basoa gustuko duena, aseko da.

ALTSASU (530 m)

Altsasuko herriaren hegoaldeko ertzean dagoen bidegurutzean hasiko dugu ibilaldia. Urbasa gainera errepidetik igoko gara, horretarako eskuinerantz hartuko dugu, eta norabide zuzena erakusten diguten trafiko seinaleak jarraituz autobiaren gainetik igaroko gara, eta bidegurutze batetan ezkerretara desbideratuko gara (0,3 Km). Portuaren hasiera da. Ezta igoera gogorra, baina lasai hartu, ibilaldiaren hasieran gaude eta.

Errepideak hasieran sigi-saga batzuk egiten ditu, eta gero eskuinerantz egiten du Olaztitik igotzen den errepidearekin elkartzeko (3,6 Km). Bidegurutzearen ondoren ere norabide berarekin igotzen jarraituko dugu zenbait kilometroz. Igoeraren bukaerako zatia sigi-saga ikusgarri bat da. Gora iristean merezi du geldialditxo bat egin eta beherantz begiratuta zer igo dugun ikusteak (8,3 Km; 887 m; 50’).

Errepidetik jarraituko dugu, batere aldaparik gabe. Errepide honek Urbasa iparretik hegora zeharkatzen du Zudairera jaisteko. Baina guk ez dugu bertatik luzaroan jarraitu behar, eta laster aurkituko dugun bidegurutzean ezkerreko errepidea hartuko dugu (9,2 Km). Errepide hau Otsaportilora doa. Bere lehenengo 4 kilometroak egin behar ditugu beste bide bat hartu aurretik. Tarte hau ia erabat laua da eta erraz egingo dugu aurrera paisaiaz gozatzen dugun bitartean, zuhaitz artean beti.

2. kilometroaren parean gutxi gora-behera, leize bat dago, eta bere gainean, gerrateetan hau bezalako zuloetatik botata erailak izan ziren herritarren oroimenezko eskultura bat.

4. kilometroaren parean gutxi gora-behera (13,2 Km; 1h10’) errepide hau utzi eta ezkerrerantz igotzen den hartxintxarrezko bide bat hartu behar dugu. Bidea ezta oso aldapatsua, tarte lauak ditu, baina goranzko joera du beti. Tarteka zelaigune batzuk zeharkatzen ditugu, eta tarteka basoan barrena goaz. Bidegurutze batetan (14,9 Km) eskuineko bidetik jarraituko dugu. Ezkerrekoa Santa Marinara igotzen da.

Zelaigune zabal batetara iristean bidea lautu egiten da (19 Km). Urbasako iparraldeko ertzetik gertu gaude, Baitza eta San Adrian artean, eta Beriain begi bistan dugu. Bidea ertzera gehiago gerturatzen da, eta honi paralelo doa tarte batez. San Adrian aurrez aurre dugu.

Basoan sartu eta laster bidea utzi eta ezkerrerantz igotzen den bidexka bat hartu behar dugu (20,3 Km).

SAN ADRIAN (20,7 Km; 1.113 m; 1h50’)

Aldapa gogor bat igo eta San Adriango ermitara iritsiko gara. Beriain eta Sakanaren ikuspegi ederra dugu hemendik, bai eta ekialderantz luzatzen den gandor ikusgarriarena ere.

Berriz ere lehengo bidera jaitsiko gara eta bertatik jarraituko dugu, bidegurutze batekin topo egin arte (21,9 Km). Orain arte jarraitu dugun bideak ekialderantz jarraitzen du, Lizarraga mendatera baitoa. Guk ordea, bide hau utzi eta eskuinekotik jo behar dugu, hegoalderantz.

Aldapan behera goaz. Ezkerrerantz bide bat irteten dela ikusiko dugu baino ez diogu jaramonik egingo. Zertxobait aurrerago (22,6 Km; 1080 m), adi! Eskuinalderako bihurgune zabal batetan dakargun bidea utzi eta ezkerrerantz doan eta ia antzematen ezten bidexka bat hartu behar dugu. Harri pila bat dago bide hau hasten den puntuan.

Basoan sartuko gara berehala. Bidea ezta batere nabarmena, baina zuhaitzetan dauden markei esker zailtasunik gabe jarraituko dugu. PR baten marka txuri-horiak eta marka gorriak daude. “Camino del Chaparral” du izena bide honek, eta Urbasako ekialdeko ertzetik doa iparretik hegora, beti basoan barrena. Begientzat gozagarri da, amaierarik ez duela dirudien baso eder bat zehartzen baikabiltza, baina lurzorua ezta batere ona bizikletarentzat, eta hori gutxi balitz etengabeko gorabeherak gainditu beharko ditugu. Ondorioz, nahiko poliki eta nekez egingo dugu aurrera.

OLDERIZ (28,3 Km; 1170 m; 3h10’)

Azkenik irten gara basotik, eta Olderiz izeneko zelaigune batera iritsi gara. Basotik irten orduko eskuinerantz okertzen da bidea mendebalde norabide hartuz. Hasieran bidea ezta oso nabarmena, baina aurrera joan hala gero eta garbiago da.

Eskuinaldean, bidetik ehun bat metrotara ur-putzu bat eta harresi batez babestutako zerbait ikusiko ditugu. Leize-zulo bat agian. Zertxobait aurrerago bide bat elkartuko zaigu eskuinaldetik, eta laster, juxtu basoan sartzera goazela dirudienean beste bat ezkerretik (29,1 Km). Adi! Ezkerreko bide hori hartu behar dugu.

Hegoalde norabidearekin jarraituko dugu, aldaparik gabe hasieran. Basoan sartuko gara ondoren, eta bideak aldapan gora egiten du zertxobait. Basoko tarte honetan bidea ezkerrerantz okertzen da hego-ekialde norabidea hartuz. Basotik irtengo gara laster, Urritzaga zelaigunera. Hegoaldean ikus dezakegun muinoa Dulantz da. Horixe da gure ondorengo helburua.

Norabide berarekin jarraituko dugu harresi batetara iritsi arte (31,0 Km; 1165 m). Harresi honek Foru Gobernuarenak diren Urbasako lurrak Abarzuzako herriaren lurretatik banatzen ditu.

Guk ez dugu harresia zeharkatu behar. Bi artzain txabola daude gure eskuinean. Harresia eta txabolen artean dagoen zelaitik hego-mendebalde norabidearekin igotzen hasiko gara, bide gabe hasieran, baina laster zelaiaren ertzetik bide bat abiatzen dela ikusiko dugu. Bertatik jarraituko dugu, beti harresiari paralelo gutxi gorabehera, eta aldapa gogorrarekin.

DULANTZ (31,8 Km; 1239 m; 3h50’)

Bide hau Dulantzeko tontorretik oso gertu pasatzen da. Punturik garaienera iristen garenean, bidea utzi eta hego-ekialderantz egin behar dugu. Bidea eta tontorraren artean dagoen sakonune txikia zeharkatu eta harresia gainditu ondoren Urbasako tontorrik garaienean gaude, Dulantzen.

Tontorreko ikuspegietaz gozatu ondoren berriz ere lehengo bidera itzuliko gara. Bide honek aldapan behera jarraitzen du, hasieran harresitik urrunduz, baina gero jiratu eta harresiaren bila joango da berriz ere. Tarte batez harresiari jarraitzen egingo dugu, eta ondoren bideak eskuinerantz egiten du harresitik behin betiko aldenduz (33,6 Km).

Aldapan behera goaz basoan barrena. Bideak bihurgune asko hartzen dituen arren ipar-mendebalde norabidea da nagusi. Tarteka zelaigune txiki batzuk zeharkatuko ditugu, baina basoa dugu lagun ia denbora guztian. Altuera galduz goaz etengabe, baina ez hasieran bezain besteko aldaparekin.

Beste zelaigune batetan Bardoitzako bideari elkartuko gatzaizkio (39,9 Km; 993 m.). Bide honek Bardoitza eta Otsaportilo Ubabarekin lotzen ditu. Bertatik jarraituko dugu hego-mendebalde norabidearekin, Ubabarantz alegia.

Gure eskuinean harresiz inguratutako leize bat ikus dezakegu. Laster basoan sartuko gara, eta berehala langa baten bitartez beste harresi bat zeharkatuko dugu. Amezkoa bailarako herrien lurretan sartzen hari gara, “Limitaciones de las Amescoas” delakoan.

Aurrerago bi bide elkartuko zaizkigu. Zuzen jarraitu behar dugu, gurea baino lur-zoru hobea duen bide batetara perpendikularki iritsi arte (41,4 Km; 976 m). Bide honetatik eskuinerantz joko dugu.

UBABA

Aldapa bat jaitsi eta Urederrako zirkuaren goialdean aurkituko dugu gure burua. Malkar ikusgarrien oinetan baso itxi-itxia. Paisaia zoragarria. Pilatoren balkoia bezala ezaguna den arren Ubaba da toki honen benetako izena.

Dakargun bideak zirkua inguratzen du eta Urbasa iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duen errepidera irteten da (44,1 Km; 929 m; 4h55’).

Errepidea jarraituko dugu, eskuinerantz, iparralderantz. Errepide honek, zenbait gorabehera txikirekin Urbasako iparraldeko ertzera eramango gaitu, ibilbidearen hasieran igo dugun aldapara alegia (53,6 Km; 887 m). Bidean Urbasako jauregiaren eta Bioitzako kanpinaren ondotik igaroko gara. Aldapan behera goazela, kontutan izan behar dugu behealdean dagoen bidegurutzean (58,3 Km) eskuineko bidea hartu behar dugula Altsasura jaitsi nahi badugu.

ALTSASU (61,9 Km; 5h35’)

Honenbestez hasi dugun toki berera itzuliko gara ibilaldiari bukaera emanez.

Notes:

Ibilbidearen bukaera alderarte ez dago iturririk bide ondoan, beraz, hasi aurretik bete ur-botilatxoa. Eta bigarren botilatxo bat eramanez gero hobe, egun eguzkitsua eta beroa bada batez ere.