Soilako itzulia

Enviado por inaxio el 2006, Junio 24 - 13:48.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zaila
Lurraldea Araba
ABIAPUNTUA Antoñana
Esquema Antoñana - Agiñetako bidea - Soila - Korresko bidea - Antoñana
Relacionados »Soila (mendi) »Soilako itzulia (track)
Gora-behera500 m
Luzera6 Km
Iraupena3:00 - 4:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Ibilbide honek Izkiko eremuaren barruan egiten du bere bidea, parkeko bide-sarea osatzen duten bidezidorrak erabiliz. Bide-sare hori ongi seinaleztatuta dago, nahiz eta batzutan (2006/06/23) seinaleak bakan izan, landaretzak tapatuta egon (marka horia duten posteak) edo ezabatzen hasita egon (pintura marka zuri-horiak). Jendea dabilen lekua da bestela, eta arrastoa nahiko nabarmena da gehienean.

Antoñana Kanpezu eta Maeztu arteko errepidearen bazterrean gelditzen den herrixka polit bat da, oraindik ere harresiz inguratua. Handik abiatu, zubi gainetik pasa eta aipatutako errepidea zeharkatu behar dugu, zubiak agintzen duen norabide berean (mendebaldera) jarraituz. Hala geltoki zaharra eta etxe dotore batzuen artetik pasata behehala egingo dugu topo Buxandako errepidearekin. Hura ere zeharkatu eta soro baten bazterretik jarraitzen duen lurrezko pista batekin egingo dugu topo: huraxe da bidea (astigar baten adarren artean erdi-ezkutaturik dago lehenengo bide-seinalea). 300 m aurrerago bidegurutze batekin egingo dugu topo eta eskubi aldera joko dugu; 100 m geroago, berriz, ezker aldera, basoaren bazterretik, mendebalderantz.

Basoan sartzean Izkiko parkeko panelarekin egingo dugu topo, baina pista nagusitik jarraituko dugu, ezker aldetik bereizten den bidezidor nabarmen bat topatu arte (pistan, aurrerago, langa bat ikusten denean). Aurreraxeago alanbrezko hesia pasa eta basoan barrena jarraituko dugu, aurrerago pistarekin berriro topo egiteko. Pistari jarraituko diogu tarte batean, baina, erne!, halako batean, pistaren bihurgune batean, gaztainondo zahar batzuen aldamenetik, pista zahar bat bereizten da eskubi aldetik. Tarte hau nahasi xamarra da eta arreta jarri behar da arrastoa eta marka zuri-horiek erakutsitako bidea jarraitzeko. Aldapa handitzen doa eta bidea estutu egiten da, harik eta, halako batean, sokaz lagundutako harrizko pasarte batera heldu (zailtasunik gabe). Bidea handik aurrera iparraldera lerratzen da eta aldapa handirik gabe, zeharka-zeharka, gandorraren bila abiatzen da. Bidean panelez aurkeztutako agin zahar handi (sekulakoa!) batekin egingo dugu topo. Eta aurrerago, gandorrera helduko gara, berriro sokaz lagundutako haitz gaineko beste pasarte batean gora.

Gandorrera helduz gero ez dago galtzeko beldurrik, hari hegoaldera jarraitzea aski da tontorrera heltzeko, arte eta ezpel artean. Tontorra baino lehenxeago gandorra alderik alde zeharkatzen duen haitzulo bat dago (ez duzue ikusiko ertzetik aldenduz gero).

Itzulera Korres aldera jaitsiz egingo dugu. Gandorreko bidean atzera egin eta igoeran gandorrera atera garen lekura heldu baino metro batzuk lehenago mendebaldera jaisten den bidezidor bat ikusi duzue arreta pixka bat jarriz gero (harripilez markatuta dago). Hari jarraituz jaitsi eta pista zahar zabal batekin egingo dugu topo. Pistari jarraituko diogu orduan behera, bidegurutze batera heldu arte. Bidegurutzean Antoñanako bidea hartu behar dugu berriro (marka horiko posteak), HErantz. Bidea nabarmena da handik aurrera; galtzeko aukerarik gabe eramango gaitu igoeran aipatutako gaztainondo zaharren bidegurutzean bazterrean utzitako pista zabalera.