Ganboa eta Txindokiko itzulia Amezketatik abiatuta

Enviado por Jose el 2006, Agosto 24 - 20:40.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zaila
Lurraldea Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Amezketa
Esquema Amezketa - Pardeluts - Ganboa - Txindoki - Larraitz - Amezketa
Relacionados »Ganboa (mendi) »Larrunarri / Txindoki (mendi)
Gora-behera1400 m
Luzera19 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Ganboa Aralarreko 3. tontor garaiena eta ezagunenetako bat den arren, ez du bisitari asko izaten, edozein aldetatik igota ere bertara iristeko bidea luzea baita. Jarraian azaltzen den ibilbidea horren erakusgarri da.

Amezketatik abiatuta, Arritzaga bailaran gora egiten du Pardelutseko iturriraino. Hemendik Ganboara igo eta Arrubiko larreak zeharkatu ondoren Txindokira igotzen da, Larraiztik barrena Amezketara jaisteko.

AMEZKETA (205 m.)

Ibilaldia Amezketako elizatik hasiko dugu, honen eskuinaldetik hilerrirantz, eta han errepidea utzi eta hilerriaren ezkerretik gorantz doan bidezidorra hartuko dugu. Laster errepidearekin egingo dugu topo. Errepidea gurutzatu eta beste bidezidor batetatik jarraituko dugu, bertan behera utzitako baserri txiki batera iritsi arte. Espila Saletxe du izena eta Fernando Amezketarra bertsolari ezaguna jaio zen bertan. Baserrira iristen den errepidetik gora egingo dugu tarte labur batez, ezkerretara bidezidor bat ikusi arte.

Bidezidor hau jarraituz, errepidearekin egingo dugu topo berriz ere. Metro gutxi batzuk errepidetik egin eta ezkerraldetik abiatzen den bidezidorra hartuko dugu, hasieran zelai baten ertzetik, nolanahi ere beti zuhaitz artean, eta gero basoan zehar, errepide batetara irten arte. Oraingoan errepidetik jarraituko dugu bihurgune itxi batetara iritsi arte.

Bihurgune honetatik gertu Arritzaga erreka pasatzen da. Errepidea utzi, egurrezko zubi batetatik erreka gurutzatu eta erreka jarraituz gorantz egiten duen bidezidor batetatik jarraituko dugu. Amezketatik honaino aldapan gora etorri gara eten gabe, baina lasai xamar. Hemendik aurrera aldapa gehixeago izango dugu. Bide honek, Arritzaga bailaran gora Igaratzaraino eraman gaitzake, baina guk Pardeluts iturriraino jarraituko dugu.

Hasieran baso artean joango gara. Txabola baten ondotik pasatuko gara. Ondoren basotik irten, eta errekako zenbait ur-jauzi eta putzu ikusiko ditugu. Zertxobait gorago, mehatzetara iritsiko gara. Duela zenbait urte mehatze ustiapenak egon ziren inguru honetan. Gaur egun eraikin batzuren hondakinak, eta materiala garraiatzeko erabiltzen zuten polea eta kable bidezko sistemaren hondarrak ikus daitezke, mehatzen ahoez gain.

Puntu honetan bi aukera ditugu, behealdetik, erakinen hondakinetatik igarotzea, edota goialdetik joatea. Ez dio axola ze bide hartu, aurrerago biak elkartu egiten baitira. GR 121 (Gipuzkoako bira) ibilbidearen marka zuri-gorriak elkartuko zaizkigu tarte honetan, eta Pardelutseraino lagun izango ditugu.

Artzain txabola batzuetara iristean, eskuinerantz okertu, erreka zeharkatu eta errekan gora jarraituko dugu orain arte bezala, baina bestaldetik.

PARDELUTS ITURRIA (1070 m.; 1h50’)

Azkenik Pardeluts iturrira iritsiko gara. Atsedenaldi bat hartu eta indarrak berrizteko toki paregabea. Ibilbidearen honainoko zatia, nahiko lasaia da, baina luzea egiten da. Nolanahi ere, gogorrena jarraian igo beharko duguna izango da.

Igaratzera doan bidea utzi eta eskuinerantz (mendebalderantz) joko dugu, nekez antzematen den bidezidor bat jarraituz. Aldapa labur baina gogor bat gainditu eta Pardelutseko saroia kokatuta dagoen laugunera agertuko gara. Artzain txabolen artetik igaro, eta bailara txiki batetan gora jarraituko dugu hego-mendebalderantz, Lizasoko lepora iritsi arte (1290 m.).

Ganboa eta Pardarri artean aurkitzen gara. Ganboa eskuinaldean (iparraldean) dugun tontorra da. Bide gabe gorantz joko dugu tontorra helmuga dugula, zuzen-zuzen, sigi-saga, zein zeharka, bakoitzak ahal duen bezala, aldapa gogorra baita.

GANBOA (1402 m.; 2h15’)

Ibilaldiko punturik garaienean gaude, Aralarren bihotzean, eta edozein aldetara begiratzen dugula ere ikuspegi ederra dugu.

Ibilaldiaren ondorengo helburua ipar-mendebaldean Arrubiko larre zabalen gainetik nabarmentzen den Txindoki da. Bertara iristeko egingo dugun bidea ongi ikusten da Ganboatik. Lehenik eta behin mendebaldean dugun Ganbo Txikitik pasatuko gara, eta handik, Arrubiko zelaietan zehar Txindokiren azkeneko aldaparen hasiera puntua den Egurraleko lepora.

Ganbo Txikira iristeko, mendebalderantz jaitsiko gara eta haitzartean aurrera egiten duen bidezidor bat aurkituko dugu. Sakonune batzuk inguratu eta Ganbo Txikiren tontorretik gertu pasatuko gara. Esfortzu txiki bat eginez tontorra zapaldu ahal izango dugu.

Txindoki erreferentzia hartuta ipar-mendebalderantz jaitsiko gara larre aldapatsu batetatik, eta zertxobait ezkerrera egingo dugu Arrubiren ekialdeko magalera, Arrubiko tontor harritsua inguratzen duen bidea hartzeko. Haitzak pasatu ondoren aldapatxo bat igo eta sarritan abere ugari bazkatzen egoten den zelai zabal bat zeharkatuko dugu. Zuzen-zuzen Txindokira gerturatu ahala zertxobait beherantz goaz.

Txindoki baino lehenago tontor txiki bat dagoela ikusiko dugu, Auntzizegi. Tontor hau eskuinaldetik inguratuko dugu, eta aldapan behera egingo dugu Larraiztik Txindokira igotzeko ohiko bidearekin topo egiteko. Bidea hau jarraituz Egurraleko lepora iritsiko gara berehala (1150 m.), eta aldapa gogor bat igota Txindokiko gailurra zapalduko dugu.

TXINDOKI (1346 m.; 3h20’)

Hemendik aurrera dena aldapan behera dugu. Egurraleko lepora itzulita, Larraitzera jaisteko bi aukera ditugu, ohiko bidetik (eskuinetik) edo Muitze aldetik (ezkerretik). Ohiko bideak ez du azalpenik behar, bidea oso garbia baita. Muitze bailaratik jaitsi nahi duenak Inaxioren “Txindokiko itzulia” ibilbidean aurkituko du azalpen zehatza.

LARRAITZ (400 m.; 4h20’)

Larraitzeko ermitaren ondoan gaudela, errepidean aurrera egingo dugu tarte labur batez (ipar-mendebalderantz), eskuinerantz jaisten den bide bat ikusi arte. Adi! Hemen GR 20 (Aralarreko itzulia) ibilbidearen marka txuri-gorriak bilatu behar ditugu, metro batzuk beherago bide nabarmenena utzi eta GRa jarraituz eskuinaldetik irteten den bidezidor bat hartu behar baitugu, iparralderantz. Bidezidor honek larreen artean beherantz egiten du.

AMEZKETA (205 m.; 4h50’)

Zuriarrain, Zuriarrain Txiki eta Gorosti baserrien ondotik igaro eta errepidean behera Amezketako herrira iritsiko gara, eliza baino zertxobait beherago, ibilaldiari bukaera emanaz.

Notes:

Igo beharreko altuera handia eta luzera direla eta, soilik saildutako mendizaleentzat moduko ibilbidea da. Horretaz gain, Aralarreko alderdi honetako ibilaldi asko bezala, mendi tontorretan lainoa badago ezta batere komenigarria ibilaldi hau egitea, erreferentzi gabe Ganboa eta Txindoki arteko zatian galtzeko arrisku handia izango baikenuke.