Tontorramendi Saturraranetik abiatuta

Enviado por inaxio el 2006, Octubre 13 - 23:11.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Bizkaia, Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Saturraran Hondartza
Esquema Saturraran - Ondarroa - Tontorramendia - Mijoa - Saturraran
Relacionados »Tontorramendi (mendi)
Gora-behera400 m
Luzera8 Km
Iraupena2:00 - 2:30
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Mendia bera nahiko txikia denez, itsasoaren mailatik abiatuko gara, mendia bere osotasunean igotzeko: Saturrarango hondartzak abiapuntu ezinobea eskaintzen du. Autoa hondartzako aparkalekuan utzi eta menditik beizten gaituen erreka zeharkatzen duen zubitik abiatuko gara Ondarroa aldera. Galtzada eroso batean barrena inguratuko dugu mendia, itasoaren bazterretik, Ondarroako hondartzara heldu arte. Han goiko errepidera igotzeko aukera emango diguten eskilara batzuekin egingo dugu topo. Errepidera igo, berriro Ondarroa aldera jaisten hasi eta etxebizitza dorre batzuen parera helduko gara berehala: haien aurretik gora abiatzen den porlanezko bide zabal eta aldapatsuari ekin behar diogu.

Porlanezko bideari jarraituko diogu, beti gorantz, bi muinoren arteko lepora heldu arte. Han, itsasaldeko muinora igotzea gomendatzen dizuet instant batean, ikuspegi ederra eskaintzen baitu itsasertzaren gainean. Gero atzera egin eta porlanezko bidera itzulita Burgoa baserrirainoko bidea egingo dugu. Etxearen aurretik pasa eta burdinazko langa batekin egingo dugu topo. Hura zeharkatu eta mendiaren bizkarrean gora egiten duen lurrezko pistan gora jarraituko dugu. Sarri ikusiko dituzue bide bazterrean marra zuri-gorri-horiak eta galbario-gurutzeak. Horiei men eginez, laster helduko gara larre eremu garbi baten erdian dagoen Santakrutz ermitara.

Berriro bizkarreko pistara jo eta pinudi batean sartuko gara, muinoa eskubi aldetik saihestuz. Beste bide zabal batekin egingo dugu topo aurrerago, baina aurrera jarraituko dugu, norabide berean, eukaliptoen artetik, eta bizkarrera helduko gara berriro. Bidegurutze batekin egingo dugu topo. Ordura arte jarraitu ditugun marka zuri-gorri-horiak ezker aldetik bereizten den bidetik jarraitzen dute baina guk bizkarrean gora jarraitu behar dugu, berehala helduko baikara tontorrera, gasbideak pinudian zabaldutako arrastoari jarraituz.

Jaisteko beste bide bat jarraitu nahi izanez gero, igoerako norabide berean jarraitu eta pinudian barrena jarraituko dugu, bizkarrean behera, bidezidor arin batetik. Hurrengo muinoa gainditu eta bidezidorrak alanbre-hesi batekin topo egitean, ezker aldera joko dugu, hesia berak bezala, pista zabal batera ateratzeko. Pista horretan aurrera egingo dugu, hegoaldera, hainbat bide zabal batzen dituen bidegurutzera heldu arte. Ezkerreko lehenengoa da hartu beharrekoa, marka zuri-gorri-horiz markatutakoa hain zuzen.

Bideak behera egiten du. Laster egingo dugu topo ordea bidegurutze batekin. Ezker aldeko bideak igoeran jarraitutako arrastora eramango gaitu (hortik marra zuri-gorri-horiak), beraz eskubiko bidea hautatu eta jaisten jarraituko dugu. Aurrerago ere topatuko ditugu antzeko aukera eskaintzen diguten beste bidegurutze batzuk, baina guk beti norabide beretsuan jarraitzen duen beheranzko bide nagusiari jarraitu behar diogu. Halako batean aldapa leundu egiten da eta pinuditik aterata Doistugoikoa baserriaren gain aldetik pasatzen da. Baserrira jaisten den bidea bazterrean utzi eta goranzko joera duen bideari jarraituko diogu tarte batean. Hurrengo bihurgunean langa batekin egingo dugu topo. Langaren beste aldeko pistatik jarraituko dugu jaitsiera, norabide berari eutsiz. Bide nabarmenena aukeratuz helduko gara Mijoa auzora eta errepidera, Saturraranera joateko bidegurutzetik gertu.