Usako atxa eta Albiturrira igoera bizikletan

Enviado por Jose el 2007, Abril 14 - 11:33.
Tipo de itinerario Mendiko bizikletaz
Dificultad Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Araba, Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Arlaban mendatea
Esquema Arlaban - Landa - Usako atxa - Albiturri - Arlaban
Relacionados »Albiturri (Elgeamendi) (mendi) »Usako atxa (mendi)
Gora-behera620 m
Luzera16.5 Km
Iraupena2:00 - 2:30
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Mendi bizikletarentzako den ibilbide honek, Arlaban mendatetik abiatuta Elgeamendi mendikatearen mendebaldeko bi tontor lotzen ditu, Usako atxa eta Albiturri, igoerakoaren ezberdina den bide batetatik Arlabanera itzuliz. Aldapa gogorrak daude tarteka, bai gora eta baita behera ere, behin baino gehiagotan oina lurrean ipintzea behartuko gaituztenak, baina ibilbide polita eta entretenigarria da.

ARLABAN MENDATEA (616 m.)

Arlaban mendate gainean dagoen Gure Ametsa jatetxearen aparkalekuan hasiko dugu ibilaldia. Jatetxearen atzealdetik bide bat habiatzen dela ikusiko dugu, hegoalderantz, errepideari paralelo. Garai bateko “Vasco-Navarro” trenbidea da, Bergara, Gasteiz eta Lizarra lotzen zituena. Bertatik joko dugu. Gaur egun hartxintxarrezko bide bat da, nahiko leuna.

Zertxobait behera egiten duenez azkar joango gara, eta laster errepide bat aurkituko dugu. Errepide nagusitik Landara doana da. Trenbidea utzi eta errepide honetatik joko dugu ezkerrerantz, aldapa bat jaitsi eta Landara iritsiz.

LANDA (2,5 Km.; 560 m.; 10’)

Landako jatetxearen aurrean dagoen bidegurutzean ezkerreko errepidea hartuko dugu, Marieta eta Ozaetarantz. 800 metro aurrerago, errepidea utzi eta ezkerrera joko dugu. Langa bat gainditu eta aldapatxo bat igotzen hasiko gara, iparralderantz. Txabola batzuen artetik pasatu ondoren ezkerreko bidetik jarraituko dugu, aldapa handiagoarekin.

Zuhaitz batzuen artetik pasatu eta berehala bidegurutze batekin egingo dugu topo. Ezkerreko bidetik jarraituko dugu. Zertxobait aurrerago gasbideari elkartuko gatzaizkio, eta berau jarraituz Usako atxaren mendebaldeko hegian gora egingo dugu, nekez, aldapa handia baita tarte honetan.

Aldaparik gogorrena gaindituta, tarte xamurrago bat izango dugu, eta aldapa labur bat igota tontor batetara iritsiko gara. Bertan dagoen buzoiak Galbarrain dela dio (6 Km.; 833 m.; 45’).

Hemendik Usako atxara joateko ekialderantz mendi-bizkarretik jarraitzea besterik eztugu egin behar. Gorabehera txiki baten ondoren bigarren tontor batetatik pasatuko gara, Troke (7 Km.; 901 m.; 1h).

Ekialde-hego-ekialde norabidearekin mendi-bizkarretik jarraituz, lepo batetara jaitsi (876 m.) eta aldapa bat igota Usako atxaren tontorrera iritsiko gara.

USAKO ATXA (7,6 Km.; 913 m.; 1h10’)

Hego-ekialderantz jarraituko dugu, aldapan behera Anguta lepora jaitsiz (8,4 Km.; 738 m.). Kontuz tarte honetan, aldapa oso handia baita.

Lepo honetatik aurrera berriz ere aldapa gogor bati egin beharko diogu aurre, hego-hego-ekialderantz doan bidetik jo behar baitugu, pinudi baten aldamenetik lehenengo, pagaditik gero, Arkamu mendiaren tontorretik gertu mendi-bizkarra harrapatu arte (851 m.).

Mendi-bizkarretik jarraituz, aldapa xamurragoko tarte baten ondoren bidegurutze batekin egingo dugu topo. Ezkerreko bideak (ekialderantz) aldapatxo bat jaitsita Elgeako lepora eramango gaitu (9,8 Km.; 849 m.; 1h35’).

Albiturriko tontorra aurrez aurre dugu, eta bidezidor bat igotzen dela ikus dezakegu, baina bizikletan igotzeko aldapatsuegia da. Jaisteko erabiliko dugu bidezidor hori. Igotzeko ordea ezkerrerantz joko dugu, iparralderantz, Albiturriren iparraldeko bizkar luzea mendebaldetik inguratu bitartean altuera irabaziz, mendi-bizkarrera iritsi arte (885 m.). Orain bizkarreko bidezidorrari jarraituz hegoalderantz itzultzea baino etzaigu falta Albiturriko tontorrera iristeko.

ALBITURRI (11,5 Km.; 943 m.; 1h55’)

Lehen ikusi dugun bidezidor aldapatsutik Elgeako lepora jaitsiko gara (11,9 Km.; 849 m.). Hemendik zuzenean Arlabanera jaitsiko gara GR 12 eta GR 121 bideen marka zuri-gorriak jarraituz. Horretarako iparraldera joko dugu, pinudian sartuz, eta Elgea I trikuharriaren aldamenetik pasatu ondoren aldapan behera jaisten hasiko gara.

Laster errekasto bat jarraitzen aurkituko dugu gure burua. Deba ibaiaren iturburua da toki hau. Bide zabalago batetara iritsiko gara eta ezkerretara joko dugu, marka zuri-gorriak jarraituz. Bide honek Usako atxaren ipar magala inguratzen du, eta jaitsiera azkar baten bidez Arlaban mendatera eramango gaitu. Errepide bazterretik doan bidetik ibilaldiaren hasiera izan dugun Gure Ametsa jatetxera iritsiko gara (16,5 Km; 2h15’).