Gran Fachako itzulia, Panticosako Bainuetxetik abiatuta

Enviado por Jose el 2007, Agosto 22 - 18:13.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zaila
Lurraldea Aragón, Hautes-Pyrénées
ABIAPUNTUA Panticosako Bainuetxea
Esquema Panticosako Bainuetxea - Bachimañako urtegiak - Pecicoko beheko urtegia - hegoaldeko lepoa - Gran Facha - Fachako lepoa - Panticosako portua - Bachimañako urtegiak - Panticosako Bainuetxea
Relacionados »Gran Facha (mendi) »Gran Fachako itzulia (track)
Gora-behera1600 m
Luzera20 Km
Iraupena8:00 - 10:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Panticosako eremuko mendi handietako bat izan arren, mendizale gutxi dira Bainuetxetik abiatuta Gran Fachara igotzen direnak. Igoerarik errazena iparraldeko ertzetik duenez, Fachako lepotik alegia, Respumoso eta Wallon aterpeak izaten dira ohiko abiapuntuak. Baina badago bai Panticosatik igotzerik. Eta gainera ibilbide polita egiteko aukera ematen du, Bachimañako urtegietatik gora, Pecicoko aintziretatik pasatu ondoren hegoaldetik igo, iparraldeko ertzetik Fachako lepora jaitsi, eta ipar-ekialdetik inguratuz Panticosako portua gainditu eta Bachimañako urtegietatik Bainuetxera jaitsi.

PANTICOSAKO BAINUETXEA (1636 m.)

Ibilaldiaren abiapuntua Panticosako Bainuetxean kokatutako Casa de Piedra aterpea da. Aterpearen atzealdetik, GR 11 ibilbidearen marka txuri-gorriz adierazitako bidezidor bat abiatzen da aldapan gora. Sigi-saga, azkar irabaziko dugu altura, eta laster Bainuetxeko laugunearen ikuspegi ona eskaintzen duen behatoki batetatik pasatuko gara. Bidea Calderés de Baños errekara hurbiltzen da. Bachimañako urtegietara iritsi arte erreka hau jarraituko dugu. Bidean zenbait urjauzi ederretaz gozatu ahal izango dugu.

Urjauziak baino zertxobait gorago bidea lasaitu egiten da, eta aldapa gutxiagorekin bailaratxoaren bukaera den zirku txiki batetara hurbilduko gara. Zirkuko malkarrak ezkerraldetik gaindituko ditugu, eta Bachimañako beheko urtegira iritsiko gara (1h35’).

BACHIMAÑAKO URTEGIAK

Beheko urtegia ezkerretik inguratu eta minutu gutxitan goiko urtegira joango gara, aurrekoa baino askoz handiagoa. Hau ere ezkerraldetik inguratu behar dugu.

Zertxobait aurrerago, bidegurutze batekin aurkituko gara (1h55’). GR 11 ibilbideak ezkerretik jarraitzen du “ibones Azules”-era bidean. Guk ordea eskuinekotik joko dugu. Harri-pilak jarraitzen urtegiaren ipar-mendebaldeko ertzera iritsiko gara. Ibones Azulesetik jaisten den erreka zeharkatuko dugu, eta belardi aldapatsutik urtegia inguratzen jarraitzen duen bidezidorra hartuko dugu.

Bide hau begi bistan dugun aterpera doa zuzen-zuzen. Baina guk laster utziko dugu ezkerretara irteten den bide batetatik jarraitzeko (2h20’). Metro batzuk igota ezkerretik datorren beste bide batetara irtengo gara, eta eskuinerantz jarraituko dugu, aldapan gora.

PECICOKO AINTZIRAK

Barranco de la Canal erreka gurutzatu eta laster Pecicoko beheko aintzirara iritsiko gara (2455 m.; 3h). Gure helburu nagusia den Gran Facharen ikuspegi ederra dugu toki honetatik. Metro batzuk aurrerago bidegurutze batekin egingo dugu topo. Orain ezkerreko bidetik jarraituko dugu, aintzira inguratu eta Pecicoko beheko urtegira bidean. Baina itzuleran eskuinekotik etorriko gara, Panticosako portutik jaistean.

Esan bezala ezkerreko bidetik joko dugu Pecicoko beheko aintzira iparraldetik inguratuz, eta Pecicoko beheko urtegira iritsiko gara (2478 m.). Punta Zarre, Puntas del Pecico, Gran Facha eta Falisse mendiek osatzen duten zirkuaren barrenean kokatuta, Gran Fachara igotzeko jarraituko dugun bidearen nondik norakoak ongi ikusten dira urtegi honen ertzetik.

Gran Facharen hegoaldeko lepora igo behar dugu, gu begira gauden aldetik ezkerrean ikusten den lepoa, Gran Facha eta tontor txiki baten artean. Horretarako, urtegia eskuinetik inguratuko dugu Falisseren hegoaldeko magala estaltzen duen hartxingadian zehar. Ondoren Gran Facharen barrenera hurbilduko gara belardi aldapatsuan gora, belarra bukatu eta berriz ere hartxingadian sartzea beste aukerarik ez dugun arte. Oso deserosoa den hartxingadian gora lepoaren azpiko malkarren barrenera helduko gara. Tarte hau oso gogorra egiten da.

Ondorengo pasartea gainditzeko bi aukera ditugu. Eskuinaldean, hartxingadiak estalitako kanal bat dago, eta ezkerrean haitzezko beste kanal bat, eskuen laguntzarekin zailtasun gehiegi gabe lepoa harrapatzea ahalbidetuko diguna. Gu ezkerrekotik igo ginen, eta ez da dirudien bezain zaila. Eskuinekoa deserosoa dela irakurri dut, hartxingadiak estalita dagoelako, baina zailtasunik ez omen du.

HEGOALDEKO LEPOA (2833 m.; 4h30’)

Azkeneko aldapa igotzea baino ez zaigu falta. Bideak zuzen-zuzen igotzen du aurrean dugun malda malkartsua. Tarte honetan aurkituko ditugu ibilaldi osoko zailtasun handienak. Biderik aproposenetik igo ahal izateko harri-pilei jarraituz igoko gara. Etengabe eskuen laguntza beharko dugu, oso zaila izan ez arren nahiko aereoa baita igoera guztia. Zorionez haitzak eskuleku onak eskaintzen ditu.

GRAN FACHA (3005 m.; 5h)

Tontor nagusia baino hego-ekialderago dagoen beste tontor batetara iritsiko gara. Bien arteko gandorra zeharkatuko dugu, zailtasun gabe, tontor nagusia harrapatzeko. Harrizko aldareko baten gainean Lourdeseko amaren iruditxo bat dago.

Jaitsiera beste bide batetatik egingo dugu, iparraldeko ertzetik Fachako lepora. Gandorretik ipar-ekialderantz joko dugu, eta gandorraren bukaeran iparralderantz jaisten den bidea aurkituko dugu. Gran Fachara igotzeko gehien erabiltzen den bidea denez oso zapaldua dago eta oso nabarmena da. Ez da oso jaitsiera xamurra, oso aldapatsua eta malkartsua delako, eta harri solte ugariak irristakor egiten dutelako, baina igoeran jarraitu dugun hegoaldeko ertza baino dezente errazagoa bai.

FACHAKO LEPOA (2664 m.; 5h50’)

Fachako lepotik ekialderantz jaisten hasiko gara. Bide hau Wallon aterpera doanez, guk tarte batetan zehar bakarrik jarraituko dugu, Panticosako portura joan nahi baitugu. Gure aurrean hiru aintzira ikusiko ditugu. Erdian aintzira luzexka bat, eta ezker-eskuin txikiagoak eta garaiagoak diren beste bi. Facheko aintzirak dira; “lacs de la Fache”, Frantziako lurretan gaude eta. Fachako lepotik mendebaldera Espainiako eremuan dauden aintzirei ere Fachako aintzirak deitzen zaie, “ibones de la Facha” edo “ibóns da Faxa”. Eskuinean doi-doi ikusten den aintzira txiki horretatik pasatzen da guk jarraitu behar dugun bidea. Guk ez nuen ikusi bide nagusitik non banatzen den, eta lepotik 15 edo 20 minutu jaitsi ondoren bide gabe eskuinera jo genuen zeharka harri artean aipatutako aintzira hurbilduz, harri-pila batzuk bide zuzenera eraman gintuzten arte.

Edonola ere, aintzirara iristean (2403 m.) bide garbia aurkituko dugu. Bide honek Gran Facha eta Falisse inguratzen jarraitzen du, hegoalde norabidea hartuz, eta laster Wallon aterpetik Panticosako lepora igotzen den bidearekin bat egiten du. Bide hau jarraituz, ibilbideko azkeneko aldapari egingo diogu aurre, eta minutu batzuen buruan lepora iritsiko gara.

PANTICOSAKO PORTUA (2541 m.; 6h50’)

Lepo hau “port du Marcadau” izenaz ere ezagutzen da. Bi herrialdeen arteko mugan dago kokatuta, eta Panticosa eta Marcadau bailarak lotzen ditu.

Hegoalderantz jaisten hasiko gara, eta laster Pecicoko beheko aintzirara iritsiko gara, eta igoeran jarraituko dugun bidearekin bat egingo dugu.

Hemendik behera bide ezaguna dugu. Bachimañako goiko urtegira jaitsiko gara, mendebaldetik inguratuko dugu, eta beheko urtegiaren ondotik pasatu ondoren Calderés de Baños erreka jarraituz Panticosako Bainuetxera jaitsiko gara (9h30’).

Notes:

Ibilbide honetan azaltzen den bezala Gran Fachara hegoaldetik igotzeak bere zailtasunak ditu. Hegoaldeko lepotik gora oso malkartsua den malda bat igotzen da. Lehen esan den bezala, oso zaila izan ez arren nahiko aereoa da igoera guztia. Arrazoi honegatik itzuli hau azaldutako zentzuan egitea komeni da, hegoaldeko aurpegitik jaistea are zailagoa eta arriskutsuagoa izango bailitzake.