Gourette-etik Louesqueko aintziretara eta Sanctusera igoera

Enviado por Jose el 2007, Noviembre 28 - 00:11.
Tipo de itinerario Joan-etorria bide beretik
Dificultad Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Bearn, Hautes-Pyrénées
ABIAPUNTUA Gourette
Esquema Gourette - Louesqueko aintzirak - Sanctus
Relacionados »Sanctus (mendi) »Gourette-etik Louesqueko aintziretara eta Sanctusera igoera (track)
Gora-behera1150 m
Luzera11 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Gourette eski estazioaren inguruko mendien artean Sanctus ez da asko nabarmentzen, gehienak baitira hura baino altuera handiagoa dutenak. Baina hala ere, Louesqueko aintziretatik pasatzen den bideak oso igoera polita eskaintzen du. Agian horregatik Eaux-Bonnes eta Gouretteko turismo bulegoetan proposatzen duten ibilaldietako bat da Sanctusera igoera.

GOURETTE (1346 m.)

Gourette eski estazioren erdigunea den plaza izango da ibilaldiaren abiapuntua. “GR-10 Lac d'Anglas” jartzen duen seinale bat jarraituz hego-ekialderantz egingo dugu etxe artetik doan bide batetatik. Aparkalekura jaisten den bideari jaramonik egin gabe gorantz jotzen duen errepidetik tenis pistetara hurbilduko gara. Errepidea bukatzen den tokitik bidezidor bat abiatzen da.

Zertxobait aurrerago, erreka bat gurutzatu eta berehala bide hau utzi eta ezkerrerantz igotzen den bidea hartuko dugu. Laster basoan sartuko gara. Beste erreka bat gurutzatuko dugu.

Basotik irten eta eremu irekian aurrera egingo dugu, hegoalderantz, Valentin izeneko bailaran sartuz. Eskuinean Pène Sarrière mendiaren horma ikusgarriak ditugu.

Valentin bailaran aurrera jarraituko dugu bidegurutze batekin topo egin arte (1690 m.; 45'). Gure helmuga den Sanctus idatzita duen seinale batek adierazten digun bezala ezkerreko bidea hartu behar dugu. Errekaren beste aldean artzain txabola bat ikusiko dugu. Erreka gurutzatu eta txabolatik nahiko gertu igaro ondoren honen ezkerraldeko belardian gora doan bidezidor bati helduko diogu.

Zati hau aldapatsua da, baina altuera irabaziz goazen neurrian Valentin bailararen ikuspegi eder batetaz gozatu ahal izango dugu. Errekatxo bat zeharkatu eta bere aldamenetik gorantz jarraituko dugu. Louesque erreka da, eta izen bereko aintziretatik jaisten da.

Erreka honek sortutako bailaratxoa zirku txiki batetan bukatzen da. Erreka berriz ere zeharkatu eta zirkuko malkarrak ezkerraldetik gaindituko ditugu.

LOUESQUEKO AINTZIRAK

Gainaldera iristean bi aukera izango ditugu. Erreka jarraituz biderik nabarmenenetik ezkerrerantz jotzen badugu Louesqueko hiru aintziretatik beheren dagoena aurkituko dugu segituan. Eta errekan gora eginez erdiko aintzira txikiaren ondotik igaro ondoren goiko aintzirara iritsiko gara. Bidegurutzean eskuineko bidea hartzen badugu aldiz aintzirarik ez duen bailara zabal bat zeharkatuko dugu zuzenean goiko aintzirara iristeko (2338 m.; 2h).

Louesqueko goiko aintzira Les Bécottes, Sanctus, Pic de Louesque, Soum de Louesque eta Pic Esquerra mendiek osatzen duten zirkuaren hegoaldeko ertzean dago kokatuta, Sanctusen oinetan.

Hego-ekialderantz joko dugu, bide garbirik gabe, Sanctus eta Pic de Louesqueren arteko gandorrak duen lepo baten bila, Louesqueko lepoa (2411 m.; 2h10').

SANCTUS (2482 m.)

Zailtasunik gabe gandorretik mendebalderantz egingo dugu, eta laster Sanctuseko tontorrera iritsiko gara (2h25').