Komizarretik Urdelarrera igoera Belabietatik zehar

Jose-k sortua, 2008, martxoa 22 - 13:48
Ibilbide mota Joan-etorria bide beretik
Zailtasuna Erraza
Lurraldea Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Komizar
Eskema Komizar - Belabieta - Urdelar
Lotuta »Urdelar (mendi) »Komizarretik Urdelarrera igoera Belabietatik zehar (track)
Gora-behera820 m
Luzera16 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Urdelarrera igotzeko abiapuntu arruntena izan ez arren, Billabona aldetik badago bertara iristerik, Belabietatik iparraldera luzatzen den mendi-bizkarreko pinudietan zehar.

KOMIZAR (190 m.)

Billabonako Amasa auzoan dagoen Komizar atsedenlekuan izango dugu ibilaldiaren abiapuntua. Leitzarango autobideak, Andoaindik gorantz, ezkerretara bihurgune zabal bat hartzen du Billabona parean. Bihurgunearen barrualdean dago Komizar atsedenlekua. Billabonako herrigunetik, errekasto batetan gora egiten duen errepide bat igotzen da bertaraino.

Atsedenlekuaren ezkerraldetik gorantz doan bidetik abiatuko gara, ekialde norabidearekin, lehenengo bihurgunera arte. Hemen zuzen joko dugu, “Ondoko bordara” doan PR-118 ibilbidearen markak jarraituz. Aldapatxo bat jaitsi eta autobidearen azpitik pasatuko gara.

Aldapan gora egingo dugu. Langa bat gainditu. Laster ezkerretara bihurgune estu bat hartuko dugu, eta ondoren beste bat eskuinera, zuzen jarraitzen duten bideei jaramonik egin gabe, bidezidor estu batetan zehar. Zertxobait aurrerago ezkerraldetik bide bat elkartuko zaigu, eta gas-hodia zeharkatuko dugu. Bidezidor honek ezkerrerantz jotzen du, ekialde norabidea hartuz.

Laster bide zabal batetara irtengo gara, eta ekialderantz jarraituko dugu, lepo batetan dagoen bidegurutze batetara iritsiz (390 m.; 30'). Eskuinerantz joko dugu, hegoalderantz doan bidetik. Kilometro bat inguru ibili garenean, bide hau utzi eta ezkerrerantz eta gorantz abiatzen den bidea hartuko dugu. Bide honek mendi-bizkarrera eramango gaitu (471 m.).

Belabietatik iparraldera luzatzen den mendi-bizkarrean gaude, Oria eta Leitzaran bailaren artean. Bizkar honetan gora egin behar dugu, hegoalderantz, gas-hodiaren gainetik doan bideari jarraituz. Itxupeaka tumuluaren ondotik igaroko gara.

Aurrerago gurutze handi bat aurkituko dugu bidearen aldamenean (1h). Bitxia da benetan toki honetan horrelako gurutze bat egotea, ez baita batere leku esanguratsua edo aipagarria.

Jarraian aldapa gogor bati aurre egingo diogu, eta zelaigune batetara iritsiko gara. Belardian gora aurrez-aurre dugun muinora igoko gara.

BELABIETA (688 m.; 1h22')

Larrez estalitako Belabieta muino borobilaren gainetik ikuspegi eder batetaz goza dezakegu. Gure helburua, Urdelar, hego-ekialdean ikus dezakegu. Bertara joateko, aurrena Belabietatik ekialderantz jaitsi behar dugu, lepoaren bila (609 m.; 1h28').

Ekialde-hego-ekialde norabidearekin gorantz egiten duen bidezidorretik joko dugu. Arnabar izeneko muinoaren hego-mendebaldeko magala zeharkatu, eta Belabieta Txiki trikuharria dagoen lepora iritsiko gara (762 m.; 1h57').

Bidezidorrari jarraituz hegoalderantz jarraituko dugu, pagadiak estalitako aldapa gogor batetatik, Urdelarren mendebaldeko gandorra harrapatu arte (2h18'). Gertu, bidea baino eskuinerago, Basaburu trikuharria dago, pinu artean.

Gandorretik ekialderantz joko dugu. Laster bide zabalago bati elkartuko gatzaizkio, eta hura jarraituz tontorrera iritsiko gara.

URDELAR (852 m.; 2h30')