Hiru Erregeen Mahaia Lescundik II

Enviado por ietxaburu el 2010, Agosto 13 - 20:47.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zaila
Lurraldea Bearn
ABIAPUNTUA Lescun (Biarno)
Esquema Anapia ingurua, Pedaingo txabola, Hiru Erregeen Mahaia, Anayeko txabola, Anapia
Relacionados »Hiru Erregeen Mahaia Lescundik II (track) »Hiru Erregeen Mahaia (mendi)
Gora-behera1550 m
Luzera22 Km
Iraupena8:00 - 10:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Honako bide hau ere Lescundik (Biarno) abiatzen da.
Autoa, Anapia deritzon txabolen ondoan utziko dugu, herritik kilometro pare bat mendebaldera, 975 metroko garaieran eta hego-mendebalderantz jarraituko dugu errepidetxoa, Ansabereko bailarara hurbiltzeko. Ordu erdi ostean, erreka zeharkatu eta berriro ipar-ekialderantz jotzen duenean, aparkatzeko leku handia dagoela ikusiko dugu eta hantxe bertan, bailaran gora, hego-mendebalderantz Ansabereko txaboletarantz abiatzen den pista hartuko dugu.
Ordu bete maldan gora egin ondoren, 300/400 metroko zabalera duen zokogune belardi eder batera iritsiko gara (1.350 m), Ansabereko haitzak eta Hiru Erregeen Mahaia gainean dauzkagularik. Hemen kontuz: Hego-mendebalderantz basoan gora, Ansabereko txaboletara doan bidea hartu beharrean, eskuineragoko erreka ondotik, ipar-mendebalderantz, hasieran ozta ozta nabari den bidezidorra hartuko dugu eta hogei bat minutuan, Pedaingo artzain txabolara iritsiko gara (1.580 m). Aurrera jarraituz belardian gora, bide zidor bat aurkituko dugu. Geroago harritzan sartuko gara eta pixkanaka, 2.100 metroko garaieran dagoen “Esqueste”ko lepora iritsiko gara.
Orain bidezidorrak iparralderantz garbi egiten du, ehun metro gorago Lintzatik datorren bidearekin bat egin nahian. Hemendik aurrera, ohiko bidea jarraituz, ordu erdi luzean tontorrean gaude.
Jaisterako, bide beretik hasiko gara, baina Hiru Erregeen Mahia eta Budogiaren arteko lepora iristean, ipar alderantz harritzan behera, biderik gabe, ehun bat metro jaitsiko gara. Gero norabide bera jarraituz, inguru karstiko eta kaotiko batetik, beste ehun bat metro jaitsiz, Urtetsko lepora iritsiko gara (2.170 m).
Orain, lepoa zeharkatu eta ipar-ekialderantz, Anayeko aranetik jaitsiko gara. Hasieran ohiko harritzatik, gero pino beltz bakartiak lagun eta aurrerago belardia. Beranduago, Anayeko txabolaren aurretik igaroko gara (1.515 m) eta gero basoan sartu eta Sanchese deritzon belardietaraino jaitsiko (1.120 m). Oraindik beste ordu erdiko bidea geratzen zaigu, hego-ekialderantz doan pistatik, goizean utzitako autora iristeko.