Telera

Enviado por ietxaburu el 2011, Octubre 20 - 18:29.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Oso zaila
Lurraldea Aragón
ABIAPUNTUA Piedrafita de Jaca
Esquema Pidrafita de Jaca-Ibon de Piedrafita-Covacherizas lepoa-Telera
Relacionados »Telera (mendi) »Telera (track)
Gora-behera1700 m
Luzera18 Km
Iraupena8:00 - 10:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Ibilbidea, Piedrafita de Jaca herrian hasiko dugu (1.242 m). Bertan, lakura joateko seinalea jarraituko dugu eta hogei bat minutuan, berriro “Parque Faunístico”ra doan asfaltora aterako gara eta berehalaxe aparkatzeko prestatua duen zabalgunearen aurretik igaroko. (Bertaraino kotxez joanez gero, ia ordu erdi irabazten da, bai goranzkoan eta bai beheranzkoan). Aurreraxeago, pistaren bihurgune pare bat laburtu daitezke eta azkenik karteltxo bat jarraituz, “Ibon de Piedrafita” delakora iritsiko gara (1.619 m).
Eskuinetik inguratu eta hegoalderantz, bidexka jarraituz, igoerari ekingo diogu. Kontua da, goian ikusten den “Covacherizas” deituriko lepo zabalera igo behar dela. Hasieran malkartsu, geroxeago belardi eta aurrerago korridore harritsu batetik (2.340 m).
Lepora iristean, bere eskuin alderaino (ipar-mendebaldera) joango gara eta hemen “Peña Cavacherizas” tontorraren ekialdeko amildegia zeharkatzen hasiko gara. 400/500 metroko zeharkaldi hau zaila ez da, baina bai oso arriskutsua. Malda gogor harritsu zeharkatze honetan bide arrasto bat dago eta bertatik inolako irrista edo estropezurik egin gabe joan behar da. Ez da batere gomendagarria elurrarekin edo soroa irristakorra dagoenean.
Zeharkaldia bukatzean, trepada erraz bat egin behar da mendebalderantz eta Cavacherizas eta Telera tontorren tartean dagoen aran txiki batera aterako gara (2.490 m). Orain bidexkak ipar-mendebalderanzko norabidea hartu eta Teleraren tontorreraino joango gara arazorik gabe (2.762 m).
Jaitsiera, leku beretik egiten hasiko gara, baina hamabost bat minutura, soroan belarra hasten den lekuan, eskuinetara (hego-mendebaldera) 300 bat metrora ikusten dugun lepora abiatuko gara (2.580 m). Norabide bera jarraituz, bidexka, Covacherizas tontorra mendebaldetik inguratzen hasten da, harritza batetik. Baina 300 bat metro egitean, hego-ekialdeko norabidea hartzen denean, bidexka desagertu egiten da. Cairn bateren bat ikusten da baina laster ezer ez. Hemendik aurrera jakiteko nondik jarraitu jeisten, zera pentsatu behar da: Cavacherizas tontorrak, ia lauki baten forma du eta bere hiru mutur, bata ekialdean, bestea mendebaldean eta bestea hegoaldean dauzka. Amildegiz inguratua dago, baina hego aldeko muturrak, ekialderantz, korridore erraz eta motz bat dauka, (2.285 m). Beraz lehen aipatutako leku horretatik (2.535 m), hego-ekialderantz, malda gogorreko belardi eta harritzak zeharkatzen eta jaisten, 700 bat metroko bidea egin behar da.
Korridore hori jaitsiz, ipar-ekialdeko norabidean maldan gora hasiko gara, Covachirizas tontorraren hego-ekialdeko amildegiaren azpitik, eta berriro Covacherizas lepora iritsiko. Hemendik aurrera, igotzeko egin dugun bidetik jaitsiko gara.

Notes:

Oso zailtzat sailkatu dut, zaila baino gehiago, arriskutsua den arren. Igoerako zeharkaldiaz gain, itzulerakoa ere ez da lainoarekin eta ibiltzekoa, ez bada GPSaren laguntzarekin (Orain dela hogei eta hamabost bat urte, elurretan Gran Diagonal deituriko korridoretik igota, hemen aipatutako jaitsiera egin nahi izan genuen, baina laino artean eta nondik genbiltzan ikusi ezinik, destrepatzen, batek daki nondik ibili ginen, Nire oroimen lausotuan, geratu zitzaidan inpresioa da, igoera baino konplikatuagoa izan zela jaitsiera)