Auza Baigorritik

Enviado por ietxaburu el 2013, Mayo 9 - 15:36.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zaila
ABIAPUNTUA Baigorri
Esquema Baigorri-Auza-Izpegi-Baigorri
Relacionados »Auza (mendi) »Elorriko Kaskoa (mendi) »Auza Baigorritik (track)
Gora-behera1450 m
Luzera19.2 Km
Iraupena6:00 - 8:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Baigorritik Auza ez da ikusten, bere aurreko tontorrek traba egiten diotelako. Hego-mendebaldera begiratuta, “Trenpeta” izeneko tontor airosoa (802 m.) ikusiko dugu. Bere eskuineko hertzetik gora abiatzen da gaurko txangoa

Baigorriko elizaren ondoan aparkatu (160 m.) eta Izpegitik Errazura doan errepidea hartuko dugu. Zubia zeharkatu eta ehun bat metro egin ondoren, errepide nagusia utzi eta pixka-bat beherantz egiten duen errepidetxotik jarraituko dugu. Hasieran laua etxeen ondotik eta gero mendi tartean sartuta gorantz, ordu erdi eskasean errepidetxoa bere punturik gorenera iritsiko da (265 m.). Hemen, errepidea utzi eta ezkerretara (inolako markarik ez dago) gorantz egiten duen bide zidorra hartuko dugu eta hego-mendebalderanzko norabidea jarraitu. Hiru ordu laurden hertzetik gora eginda (600 m.), malda pixka bat lasaitu egiten da tontorraren azken zati malkartsuaren azpian. Bideak, zuzen gorantz egin beharrean, eskuinetik jarraitzen du malda gogorra zeharkatzen eta beste ordu erdian, tontorraren atzeko zelaian gaude (790 m.). Beste ordu laurdenean aurrean dugun Urrizpilota tontorrean (935 m.). Hemendik Auza ikusten da.
Hurrengoa, lehengo norabidean kilometro batera, Elhorriko kaskoa (983 m.). Hogei minutuan hantxe gaude.
Mendebaldera kilometro batera dagoen Elorrieta lepora (831 m.) jaitsi eta Izpegitik datorren bidearekin bat eginda, marra zuri-gorriak lagun, hego-mendebalderantz gora basotik, Harrigorriren atzeko lepotxoraino (1.100 m.). Oraindik beste 200 m. igo beharra ditugu mendebalderantz, tontorreraino iristeko (1.306). Berrogeita hamar minutu lepotik.
Berriz Elorrietako lepora jaitsita, seiehun bat metrora ipar-ekialdera dugun Nekaitzeko lepora (814 m.). Hemen jaisten hasi eta laster baso ederrean sartuta inolako galerarik gabe, Ispegira iritsiko gara (672 m). Baina errepidea zapaldu baino lehen, eskuinetara beherantz (ekialdera) zintzurraren ezker aldetik doan lehengo bide zaharra hartuko dugu. Errekaraino jaitsita (360 m.), oraindik hamabost bat minutu beharko ditugu aurreneko baserrira iristeko eta beste hamabost asfaltotik, goizean errepidetxoa utzi eta bide zidorra hartu dugun lekuraino. Eta beste hogei bat autoraino.