Iris

1 Landare erraboiladunak; zurtoin hutsak; lerro-itxurako hosto ildaskatuak (8) >> I. latifolia (Miller) Voss [I. xiphioides Ehrh.] Geof., 30-70 cm. VI-VIII. Larre eta belardiak, pagadi eta izeidietako soiluneak, harkaitzetako erlaitzak; (10)700-2000 m. Pirinio mendiak: U; iparraldeko eta hegoaldeko mendiak: B; itsasertza: BB. Eur.: endemismo piriniar-kantabriarra.
- Landare errizomadunak; zurtoin beteak, eskuarki, eta ildaskarik gabeko hosto lauak (10) >> 2

2 Beheko tepaloek ile zelulanitzen zerrenda zabala dute gainaldean; lore urdin-bioleta biziak, batzuetan zurixkak; 3-5,5 cm-ko kordotxak, hipantoaren hodia baino luzexeagoak, goialdean orbelkarak, batzuetan purpurakarak (9) >> I. germanica L. Geof., 40-90 cm. IV-VII. Apaingarri gisa landatzen da eta leku harkaiztsuetan, hormetan eta toki erruderaletan basatzen da; 0-700 m. Jatorri iluna du, han-hemen azaltzen da lurraldeko behealdeetan. OHARRAK.– Lore zurixkak dituzten populazioei var. florentina Dykes deitu izan zaie.
- Beheko tepaloak ilegabeak dira, edo zelula bakarreko ile labur, mehe eta bakanak dituzte; lore bioletak, kremak edo horiak; 4-10 cm-ko kordotxak, hipantoaren hodia baino nabarmen luzeagoak, orbelkarak edo ez, baina purpura-ñabardurarik gabe (10) >> 3

3 Zurtoin oso estuak, hegal banarekin alboetan; gehienetan zurtoinaren goiko hostoak lore-elkartea gainditzen du; kordotxak desberdinak izan ohi dira, kanpokoa hosto-antzekoa eta eskuarki 10 cm baino luzeagoa, eta barrukoa(k) 4-8 cm luze, orbelkara(k) osorik edo zati batean; inoizka kordotx guztiek ia luzera bera dute (10) >> I. graminea L. [I. bayonnensis Darracq] Geof., 15-35(50) cm. V-VII. Hostogalkorren basoetako (harizti, erkamezti, pagadi etab.) soiluneak, orlak eta ordezko sastrakadiak, larre hezeak eta aldizka urez betetzen diren sakonuneak; (20)400-1400 m. Arroak, tarteko mendiak: U; haran atlantikoak eta iparraldeko mendiak: BB. Eur.
- Zurtoin zilindrikoak edo apur bat konprimituak, hegalgabeak; lore-elkartearen kordotxak berdintsuak dira, gehienetan loreak baino laburragoak, belarkarak edo ertzetan orbelkarak (13) >> 4

4 Pedizeloak 0,5-2 cm luze dira; obulutegiek goian 1-4 cm-ko zati antzua dute, mehea, moko gisara; oinaldeko hostoak 6-10 mm zabal dira; beheko tepaloak krema-kolorekoak dira eta nerbio bioletak dituzte (11) >> I. spuria L. subsp. maritima P. Fourn. Geof., 20-50 cm. V-VI. Larre heze edo istiltsuak, erkamezti, artadi eta abariztietako soiluneak; 250-1000 m. Ebro Harana: B; Arroak: BB. Eur. SW.
- Pedizeloak 2-10 cm luze dira; obulutegien goiko zatia emankorra da eta ez da moko gisakoa; oinaldeko hostoak 10-30 mm zabal dira; beheko tepaloak horiak dira osorik edo zati batean (12,13) >> 5

5 Lore horiak; pedizeloak eta obulutegiak ia luzera berekoak dira; zurtoinak ia zilindrikoak dira; hostoak neguan falta dira, erdiko nerbio nabarmenak dituzte, eta ez dute usain berezirik; haziak marroi ilunak dira eta erori egiten dira kapsulak irekitzean (12) >> I. pseudacorus L. Geof., 40-120 cm. IV-VIII. Gune heze edo istiltsuak, ibai, aintzira, ubide eta urtegien ertzetan; 10-800 m. Ia lurralde osoa: U. Hainbat esk.
- Loreen kanpoko tepaloak urdinxkak dira, ± horiz tindatuak; pedizeloak obulutegiak baino 3-5 aldiz luzeagoak dira; zurtoinak estu samarrak dira, eta luzetara saihets bat dute; hostoek neguan iraun egiten dute, erdiko nerbioak ez dituzte oso nabarmenak, eta marruskatuz gero usain txarra dute; haziek koral gorriaren kolorea dute eta kapsula zabaldu ondoren luzaro irauten dute haren barruan (13) >> I. foetidissima L. Geof., 30-80 cm. V-VII. Basoak, palaxuak, urbazterrak, erlaitzak, harkaitz-oinak etab.; 2-800 m. Lurraldearen iparreko bi herenak: U; Ebro Harana: B. Med.-Atl.

Iris graminea, Irurtzun aldean

Zurtoin oso estuak, hegal banarekin alboetan; gehienetan zurtoinaren goiko hostoak lore-elkartea gainditzen du; kordotxak desberdinak izan ohi dira, kanpokoa hosto-antzekoa eta eskuarki 10 cm baino luzeagoa, eta barrukoa(k) 4-8 cm luze, orbelkara(k) osorik edo zati batean; inoizka kordotx guztiek ia luzera bera dute (10)

...

Landare erraboiladunak; zurtoin hutsak; lerro-itxurako hosto ildaskatuak.

Lore eta hostoak

Lore horiak, pedizeloak eta obulutegiak ia luzera berekoak dira; zurtoinak ia zilindrikoak dira; hostoak neguan falta dira, erdiko nerbio nabarmenak dituzte, eta ez dute usain berezirik; haziak marroi ilunak dira eta erori egiten dira kapsulak irekitzean.