Ohiko galde-erantzunak - Megalitoei buruz


Webgunean jasota dauden megalitoen datuak hainbat iturritatik jaso dira. Megalitoen fitxan egiten da bakoitzaren iturburuaren aipamena.

Nafarroako gehienak HilHarriak taldekoek osatutako zerrendatik jasoak dira, eta baita beste zenbait artikulutatik. Gipuzkoakoak Arantzadiren Gipuzkoako Karta Arkeologikotik jasoak dira, eta Bizkaikoak Bizkaiko Karta Arkeologikotik.

Megalitoen kokapena ez da beti zehatza, askotan mapak erabiliz ezarritako kokapena da jasota dagoena eta, ondorioz, errore-tartea 100, 200 edo 300 metrokoa izan daiteke, inguruaren arabera.

Megalitoen kokapena zehazten joatea da gure asmoetako bat eta, esan beharrik ez dago, gustura jasoko genuke zuen laguntza zeregin horretan. Megalitoaren kokapenaren inguruko daturik eman nahi izanez gero, nahikoa duzue komentario batean eranstea dagokion orrian.

Kokapena zehazteko era egokiena GPSaz bertan jasotzea izango litzateke, baina gogoan eduki behar da GPSak berak ere baduela errore-tarte bat, eta tarte hori handi xamarra izan daitekeela ingurua eta egoeraren arabera, alegia, aparatuari seinalea egoki jasotzea eragozten dioten elementuen arabera (basoa, eguraldia, orografia itxia...).