Saioa Iruritatik, Artesiagako bailara inguratuz

Submitted by ietxaburu on 2013, Junio 14 - 21:48.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zailtasun gutxikoa
ABIAPUNTUA Irurita
Esquema Irurita-Artesiaga-Saioa-Irurita
Relacionados »Saioa Iruritatik, Artesiagako bailara inguratuz (track) »Saioa (mendi)
Gora-behera1600 m
Luzera29 Km
Iraupena8:00 - 10:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Irurita herrian, hego-ekialderantz eta eliza aurretik igarotzen den kalea hartuko dugu. Berehalaxe pista bihurtuko da eta pixka bat gora egin eta noranzko bera jarraituz (marra txuri-berdeei jaramonik egin gabe) landak zeharkatzen hasiko gara. Laster eskuinetara beheraxeago Artesiagara doan errepidea ikusiko dugu eta hogei bat minutura, argindarreko poste batera hurbiltzean, beherantz eskuinetara bide zidor bat hartuko. Erreka tarte batean sartu eta borda batera iristean (hamar minutu) aurrera doan bidea utzi eta eskuinetik erreka zeharkatu eta 40 metro gorago dagoen lepotxora igoko da. Orain berriro eskuinean beherago Artesiagako errepidea ikusiko dugu. Errepide hau maldan gora igotzen hasten den lekuan, ezkerretara beste errepidetxo bat ateratzen zaio eta honetara jaitsiko da gure bidea. Errepidetxoaren beste aldean zubitxo bat zeharkatu eta Meakako lepora igotzen hasiko da, aurreneko 100 bat metro mendebalderantz eta gero hegoalderantz.
Meakara iristean (500 m), baserri baten aurretik porlanezko pista batetik jarraitu, eta Artesiagako errepidearen bihurgune batekin elkartzen den leku berean, ekialderantz malda txikiko pista hartuko dugu eta ordu laurden batera pistari eskuinetara ateratzen zaion bidea jarraituko. Basoan gora, Meakatik ordu betera, Trepako lepora iritsiko gara (841 m). Hemen ikusiko dugu eskuinetik, Artesiagako errepidetik, pista bat datorrela eta ezkerretara basotik jarraitzen duela, baina guk zuzen aurrera jarraituko dugu bizkarretik gora, zuhaitzen artean ehiztari postuen ondotik, bide garbirik gabe. Ordu erdi batean zuhaitzak bukatuko dira eta bizkarra utzi eta eskuinetara zeharka, kilometro erdi batera (hego aldera) dugun lepora iritsiko gara. Lepo honetatik GR12 bidea (marra txuri-gorriak) jarraituko dugu, mendebalderantz eta gero hegoalderantz, Artesiagako leporaino (987 m). Errepidea zeharkatu eta mendebalderantz doan pistatik gora, Saioa eta Zuriaien artean dagoen leporaino (1.239 m). Gero ipar-mendebalderantz Saioaren tontorreraino (1.418 m).
Iparralderantz doan bizkarretik jarraituko dugu, hasieran ia laua, baina gero nabarmen beherantz. Ekaitzeko lepora iritsiko gara (1.118 m), eta ondoren datorren tontorrera (1.173 m) igo beharrik gabe, eskuinetatik hala holako bide zidor batetik jarraituko. Ondoren Katilegiko lepoa (1.049 m) eta gain gainean Gorospil tontor harritsua (1.107 m), baina hau ere ezkerretatik inguratuko dugu. Eta bizkarra gutxi gora bera jarraituz, Abartan (1.095 m) tontorrak hego aldera duen lepora (1.019 m). Orain tontor honen eskuinetik beherantz, Elorregiko leporaino (901 m). Hemen Zigara eta Berroetara doazen bideak adierazten duten karteltxoak daude eta guk Zigara, ipar-ekialderantz doana hartuko dugu. Beherago, basora iristean, pista hasiko da, baina pistak egiten duen bihurgune handi bat ekiditeko aukera dago, berehalaxe eskuinetara malda gogorreko bide batetik. Berriro pistara iristean, (ezkerretara erreka baten hasiera utzita) honek mendebalderantz egiten hasi eta soroa harri koskorrez atonduta dagoen lekura iristean, eskuinetara behean Irurita herria eta bertako baserriak bistan ditugula, zuzen beherantz (iparalderantz) bide bat hasiko da. Gero malda gutxiko bidea jarraituz, beti iparralderantz, borda baten ondotik igarota, porlanezko pista zabala hasiko da. Iruritarako zuzenean kilometro bat falta delarik, pistak nabarmen mendebalderantz egingo du, baina hortxe bertan, iparralderantz berriz, bide bat beherantz hartuko dugu eta herrirako 200 metro falta direlarik, Berroeta eta Zigatik datorren errepidearekin bat egingo du.

Notes:

Zaila ez da, baina gogortxoa bai.