IgoroinEnviado por inaxio el 2021, Julio 26 - 21:27.
![]() Goiko ur-jauzia ©inaxio Igoroin desegindako herri baten izena da; elizaren horma zati bat baino ez da zutik gelditzen. Hura deseginagatik, ordea, izenak bizirik iraun du, eta errota zahar bat eta orografia ikusgarri batean gailendu den baso oparo bati izena emateko erabiltzen da orain. Amildegiz inguratutako bailara estu horretan errekak jauzi eginez egiten du mendian behera, hainbat lekutan ur-jauzi ikusgarriak eratuz. Bisitari asko dator ur-jauzi horiek argazkietarako ematen duten abagunearen bila eta txango ospetsua bihurtu da Arabako mendialde horretan. Hori bai, ura ikusi nahi izanez gero, eurite baten ondoren joatea da egokiena. Xenda polit batek egiten du Musitu eta Erroitegi herrien arteko bidea bailara horretan gora, errekatik gehiegi aldendu gabe. Baina ur-jauziak bertatik bertara ikusteko bide nagusitik atera beharra dago eta arreta jarri behar da, ez baitaude seinalatuta.
|
![]() |
Inguru ederra.
Kaixo mendizaleok:
Atzo izan nintzen inguru hauetan eta merezi duen txangoa da, pena garai hauetan ur gutxi egonda ur jauzirik ez egotea. Hobe hemendik aurrera joatea, euria egin ezkero.
Ongi izan.