Izarraitzeko tontorrak

Enviado por Jose el 2007, Agosto 4 - 23:00.
Tipo de itinerario Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Dificultad Zailtasun gutxikoa
Lurraldea Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Azkoitia
Esquema Azkoitia - Aitza - Kakueta - Izkiturri - Zamaleku - Erlo - Xoxote - Xoxoteko aterpea - Inazio Donearen irudia - elurzuloa - Nahargun - Goiko Saletxe baserria - Azkoitia
Relacionados »Erlo (mendi) »Kakueta (mendi)
Gora-behera1100 m
Luzera15 Km
Iraupena4:00 - 5:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Ibilaldi hau Azkoititik Izarraitzera igotzen da nahiko zuzena den bide batetatik, eta mendikateko tontor aipagarrienak diren Kakueta, Erlo eta Xoxotetik igaro ondoren mendikatea hegoaldetik inguratuz Azkoitira itzultzen da.

AZKOITIA (115 m.)

Azkoitiko herritik hilerrira doan bidetik gorantz ibiltzen hasiko gara gurutze-bidea jarraituz, eta hilerrira iritsi aurretik ezkerrerantz doan bidea hartuko dugu. Pare bat baserriren ondotik igaroko gara, eta zertxobait aurrerago ur biltegi baten aldamenetik. PR ibilbide baten markak jarraitzen ari gara. Porlanezko bide hau bertan behera utzitako baserri baten aurrean bukatzen da. Eraikuntzaren ezkerretik abiatzen den bidezidorretik jarraituko dugu. Laster eskuinerantz egiten du bide honek.

Zertxobait aurrerago, beste bide batekin egingo dugu topo, eta ezkerrerantz joko dugu. Laster beste hiru bidegurutzetan gure orientazio gaitasunak probak jarriko dira. Lehenengoan eskuinera egin behar dugu, bigarrenean ezkerreko bidetik joko dugu, eta hirugarrenean langa gainditu eta eskuineko bidea hartuko dugu. Horrela eginda porlanezko bide batetara irtengo gara, eta bertatik jarraituz zenbait baserriren ondotik igaroko gara (Izarpe, Larregi,...) (25’), eta lepo batetara iritsiko gara (352 m.). Ingurune honek Aitza du izena.

Aritzaga baserriaren azpialdetik igaro ondoren porlanezko bidea utzi eta eskuinerantz irteten den bidetik joko dugu. Zertxobait aurrerago eskuinerantz bide bat habiatzen dela ikusiko dugu. PR ibilbidearen markek bide horretatik jarraitzen dute. Guk ordea zuzen jarraituko dugu, honaino lagun izan dugun PR ibilbidea alde batera utziz.

Laster txabola baten aldamenetik pasatuko gara, eta aurrerago eskuinaldetik datorren bide batekin egingo dugu topo. Gorantz jarraituko dugu, ezkerrerantz beraz. Sigi-saga altuera irabaziz goaz.

Adi! Laster eskuinerantz irteten den bidezidor bat hartu behar dugu. Kakuetako gurutzea ikusten da toki honetatik. Eta zertxobait aurrerago ezkerrerantz irteten den beste bat.

Justu mendi-lepora iritsi baino lehen, seinale bat duen bidegurutze batekin egingo dugu topo. Zuzen jarraituz gero Zamaleku lepora iritsiko ginateke, Izkiturri, Xoxote nahiz Erlora joateko. Guk aurrena Kakuetara joan nahi dugu ordea. Ezkerreko bidetik joko dugu beraz.

Bidezidor honek, beste lepo baten bitartez mendi-hegalez aldatu eta Kakuetaren iparraldeko magala zeharkatzen du aldapa gutxirekin gurutzearen pareraino. Azkeneko aldapatxoa igo eta Kakuetako tontorrera iritsiko gara.

KAKUETA (924 m.; 1h25’)

Igotako bidetik jaitsiko gara, eta lehenengo lepoan bidea utzi eta ezkerretara jaitsiko gara bide garbirik gabe, beherago dagoen bidera iritsi arte. Bide hau eskuinerantz (ekialderantz) hartuko dugu. Berehala bide ondoan Izkiturri iturria aurkituko dugu.

Aurrera jarraituz Zamaleku lepora iritsiko gara (816 m.), eta Azpeititik igotzen den hartxintxarrezko bidearekin egingo dugu topo. Bide honetatik jarraituko dugu ezkerrerantz. Xoxoteko aterpera doan bidea alde batera utziko dugu. Bide honek Erloko tontorretik gertu dagoen telekomunikazio antenara eramango gaitu. Hasieran bideak sigi-saga egiten du gora, eta nahi izanez gero bihurgune batzuk ekidin daitezke lasterbide moduko bidezidorrei esker.

Gain batetara iristean sigi-sagak bukatu eta aldapa lasaitu egiten da. Erloko tontorra begi bistan dugu antena baino eskuinerago. Gurutzea duen beste tontor baten azpialdetik igaroko gara, Torre. Antenatik gertu, bidea utzi eta haitz artean gora egingo dugu tontorra adierazten duen gurutzera iritsi arte.

ERLO (1026 m.; 2h10’)

Hartxintxarrezko bidean zehar beherantz goazela, bideak eskuinerako bihurgune zabal bat hartzen duen inguruan, bidetik irten eta ezkerretara igoko gara hurbil dugun mendi-bizkarrera. Aurrez aurre Xoxoteko tontorra aurkituko dugu, eta hura eta gure artean, putzu bat duen sakonune bat. Sakonunera jaitsi, putzua inguratu, eta Xoxotera igoko gara.

XOXOTE (913 m.; 2h25’)

Hemendik ederki ikus ditzakegu Inazio Donearen irudia, eta aterpea. Beraietara joateko, ekialdeko gandorretik jaisten hasiko gara eskuinerantz bide bat jaisten dela ikusi arte. Bide hau aterpearen ondora jaisten da.

XOXOTE ATERPEA (880 m.)

Aterpearen aurrealdetik igaro eta Inazio Donearen irudira joango gara (2h30’). Azpeitia eta Azkoitiaren ikuspegi ederra dago toki honetatik.

Etorritako bidetik itzultzen hasiko gara, baina aterperantz joan beharrean ipar-ekialderantz igotzen hasiko gara, Xoxoteren ekialdeko gandorra zeharkatzea ahalbidetuko digun ataka txiki batetara iritsi arte.

Beste alderantz jaisteko bide nabarmena dugu. Metro batzuk jaitsita elurzulo baten aldamenetik igaroko gara, eta berau inguratuz eskuinerantz egingo dugu gure aurrean zabaltzen den bailaran behera.

Laster eskuinerantz bidezidor bat habiatzen dela ikusiko dugu, eta bertatik jarraituko dugu, nahiz eta bi bideetatik toki berera joango garen, Azketa iturrira. Iturriaren parean eskuinerantz egingo dugu, pagadian sartu eta erreka gurutzatzeko. Aldapa gutxirekin beherantz doan bide nabarmen batetatik jarraituko dugu. Pagaditik irten, garo-sail bat zeharkatu eta izei landaketa batetan sartuko gara, etengabe ekialderantz jaisten.

NAHARGUN (625m.)

Bidegurutze batetan eskuineko bidea hartu, eta laster Nahargun edo Naarsun izeneko tokira iritsiko gara. Hemen Xoxoteren ekialdeko gandorra zeharkatuko dugu, eta eskuinerantz jaisten jarraituko dugu, hego-mendebalde norabidearekin, Azpeitia begi bistan dugula. Nahiko aldapatsua da tarte hau.

Laster beste bide bati elkartuko gatzaizkio, eta jaisten jarraituko dugu. PR ibilbide baten markak ditugu berriz ere bidelagun. Ezkerretara bihurgune estu batetan, bide hau utzi eta zuzen jarraituko dugu, PR ibilbidearen markak jarraituz.

Laster Urreta baserrira iritsiko gara. Baserriaren aurrealdean hiru aukera izango ditugu. Erdikotik joko dugu, PR ibilbideak bezala. Aldapatxo bat igo eta porlanezko bide bat aurkituko dugu, eta bertatik jarraituko dugu, aldapan behera.

Goiko Saletxe baserriaren ondotik igaro eta laster, errepideak ezkerretara bihurgune estu bat hartzen duen tokian, eskuinerantz bide bat habiatzen da. Bide honek gora-behera asko gabe Goikoetxe baserrira eramango gaitu, eta baserrira iristen den asfaltozko errepidean behera jarraituko dugu Azkoitira iritsi arte, ibilbideari bukaera emanez (4h5’).