Oitz-Pagoaundi-Soratxipi-Oitz

Xabiaram-k sortua, 2020, otsaila 9 - 15:15
Ibilbide mota Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Zailtasuna Zaila
Lurraldea Beintza Labaien, Donamaria, Oitz, Ultzama, Urrotz
ABIAPUNTUA Oitz
Eskema Oitz-Argibel-Pagoaundi-Zumardenako lepoa-SORATXIPI (1069m)-Monaxketa-Oitz
Lotuta »Soratxipi (mendi)
Gora-behera1386 m
Luzera24 Km
Iraupena6:00 - 8:00
Alert

Guk ezin dugu ziurtatu ibilbide hau zuretzako egokia denik, ez eta zuzen azalduta dagoenik ere, arduraz jokatu ezazu. Ibilbide hau egiten baduzu, esaiguzu mesedez egokia den ala ez, zer zailtasun topatu dituzun, zein zuzenketa egingo zenituzkeen e.a. oharra jarraian erantsiz

Oitz-Pagoaundi-Soratxipi-Oitz
Soratxipi (1120m) tontor belarditsua

(2020-02-02) Egun pasako mendi ibilaldia Nafarroako mendialdean.
4,15 orduko igoera + 1 orduko atsedenaldia + 2,15 orduko jeitsiera.

Ibilbidea Oitz herrian abiatzen da, herriko irteeran dagoen zabalgune baten, bertan autoa uzteko tokia ere badago. Ezpelura ibaia pasa eta errepidera iristen garenean pista bat ikusten da errepideko bihurgunean eskuinera, hauxe hartu eta jarrraituko dugu, lehen zatian etxalde pare bat pasako ditugu, ardiak eta ganadua dutenak.

450 metro inguruko garaierara iristean pista bat hartuko dugu ezkerrera Goikorro (560m) gainaldera igotzeko, honen tontorretik pasatu eta Bidartxoko lepora jeitsiko gara, bertan borda eta iturri bat ere ikusiko ditugu bidearen ondoan. Lepo honetatik aurrera malda gogor samarrean sartuko gara pagadian barrena Argibel gainaldera eramango gaituena, bidezidor estu bat jarraituko dugu eta gero zabalgune batera iritsiko gara, hemen borda zahar baten hondakinak ikusi ahalko ditugu.

Aurrera eginez Argibeleko gaina pasa eta Bidasostako Bordara iritsiko gara, borda hau irekita aurkitu nuen nik, udazkenean ehiztariek erabiltzen omen dute eta itxita egoten da.
Orain hurrengo bi tontor igotzea besterik ez zaigu falta, Labeaga (971m) eta Pagoaundi (1029m), nahiko hurbil daudenak bata bestearengandik eta 100 metro inguruko maldarekin bakoitza. Sanmigelargain (1021m) ere jarraian dago baina honek malda gutxi du.

Hona arte ia 2 orduko bidea eta ia 1.000 metroko desnibela egin dugu jadanik. Jarraian sartalderako norabidea hartuko dugu, GR12 Euskal Herriko Ur-mugaren Ibilbidea jarraituz edo bere ondotik joanez, ordubeteko bidea pagadi zabalean barrena. Honela Zumardenako Lepoa pasa eta Desbrobideko Lepora iritsko gara, Leurtzako urtegietatik datorren bidea ere bidegurutze honetara iristen da.

Behin hemen Soratxipi (1120m) mendiaren azken malda besterik ez zaigu gelditzen goiza osatzeko. Malda zutiko tarte bat du hasieran, 150 metroko desnbiela, gero gainaldeko zelaigunera iritsko gara, apur bat aurrerago Soratxipi (1120m) tontorra dago, bere postontzi eta erpin geodesikoarekin.

Hona iritsita une egokia atsedenaldi bat hartu eta zerbait jateko, 4 ordu eta laurdeneko ibilibidea eginda.
Ondoren itzulera bideari ekin beharko diogu, hau Leurtzako urtegien gainetik, mendiaren gandorretik doan bidezidorretik egingo dugu hasieran, Mugakosoro (1035m), Bonozorrotz (1022m) eta Munaxketa (944m) puntak pasatuz, azken honek malda apur bat du baina ez da zaila gainditzea. Hemendik Urrotz herrira eramango gaituen bidea hartu beharko dugu, hasieran malda handi samarrean jeisten da pagadian, gero harrobi zahar baten ondotik pasa eta etxalde inguru batera iritsiko gara.

Hemendik aurrera Urrotz eta Oitz lotzen dituen errepidea jarraitzea besterik ez dugu, kilometro pare batez hasierako puntura iristeko. 2 ordu eta laurdeneko jeitsiera.

Irudiak

***

***

***

***