Matximentatik Mandubia aldera abiatu behar dugu lehendabizi, errepideari jarraituz. 400 bat metrora, etxe batzuen aldamenetik pasa eta gero, porlanezko pista bat abiatzen da ezker aldetik, erreka baten paretik, gorago ikusten den baserri batera (Endrio). Baserriraino igo (kixkalita dago, 2004-3-27) eta gora jarraitzen duen pistari helduko diogu. Porlana laster desagertzen da oinpean, baina pista zabala eta garbia da aurrerantzean ere. Zenbait bihurgunetan giratu ondoren (4 bider oroimenak huts egiten ez badit: <><>) pista bitan banatzen da. Ezker aldekoak pinu landaketen artean egiten du gora, baina ez du gero tontorrerako aukera errazik ematen eta sasi eta elorri ugari aurkituko duzue gainera gerturatzean. Eskubi aldekoak berriz Endriokorta borda dagoen lepora jotzen du, erreka zokotik gehiegi urrundu gabe. Bigarren hau aukera hobea da, izan ere Endriokortako lepotik abiatzen da tontorrerako bide nabarmenena, bizkarrari jarraituz.